GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Kronika | Artzain eguna Ordizian

Artzaintzaren mamia bertatik bertara ezagutu eta dastatzeko okasioa

Artaldeak, arkume pintxoak, gazta, artilea... Artzaintzaren funtsari eta gaztagintzari lotuta ospatu zuten atzo urtero legez Ordizian Artzain Eguna. eguzkitsu esnatu zen goiza eta ikusmiran jende mordoxka bertaratu zen.

p004_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Ezustean, Aste Santuko oporrei probetxu atera eta Ordiziako ohiko merkatura bertaratu zirenek egundoko jaiarekin egin zuten topo bertan. Goizeko hamaikak aldera izan zuten jaiaren unerik goren eta animatuena, 2.000 buru inguruk herriko kaleak zeharkatu zituenean. Hitzordua ezaguna da eta horregatik ordu hori iristerako makina bat lagun bilduak ziren kale bazterretan artaldeen joan-etorriaren zain. Txikienek aho zabalik jarraitu zuten negua ukuiluetan igaro eta mendiko larreetara egiten duten bidea sinbolikoki irudikatu nahi duen ikuskizuna.

Minutu batzuk geroago D'elikatuz zentroan izan zen jaiaren beste ekitaldi nagusietako bat. Bertan ohikoa den gazta berriaren aurkezpena egin zuten, aurten Luis Angel Plagaroren eskutik. «Eskuzabala, antzinakoa eta eredugarria», hiru adjektibo horiek erabili zituen sukaldari gasteiztarrak laudorioz jantzi zuen produktua deskribatzeko. Sukaldean ezinbesteko jakia dela nabarmendu zuen, gainera.

Ekitaldi berean, EHU-UPVko Farmazia fakultateko Idiazabal Gazta ikertzeko taldea omendu zuten eta taldeko buruak, Mertxe de Renobalesek, jaso zuen aginte makila. Idiazabal gaztaren bueltan lan egitea plazera izan dela, eta euskal artzainekin jardutea, berriz, pribilegioa, nabarmendu zuen.

Nola ez, egunerokoan Idiazabal Jatorri Izendapenaren sona indartuz lan egiten duten artzainen lana ere ezagutu zuten ekitaldian, Kalitatearen eta Erregulartasunaren sariak banatuz. Sunbilako Luis Vicente Larrarte gaztandegiari eman zioten lehena; eta Legutioko Jon Zuano eta Begoña Fresneda senar-emazteei, berriz bigarrena.

Ekitaldi horretatik at, Garagartza plazako erakustaldiek batu zuten jende mordoxka. Gaztagintza saioak batez ere etxeko txikiak erakarri zituzten, kuriositate gehiago dutelako ala akaso ausardia gehiago. Jakina da, gainera, gaztetxoenek «saltsan» aritzeko duten amorrua, eta atzo bapo pasa zuten, euren eskuez gazta egiteko aukera eskaini baitzieten.

Metro gutxi batzuetara zegoen kokatuta, berriz, ile mozketa erakustaldia. Xabi Lasak adierazi zuen moduan, Zeelanda Berrian erabiltzen zuten teknika baliatzen dute eurek, ardia lotu gabe lortzen dute artilea moztea, ardia eserita eta hanketatik helduta. Arestian artzainek egiten zuten ile mozketa lana, «baina gero eta gehiago ausartzen» dira betebehar hau gisa honetako taldeen esku uztera. Hala, negu partean, lauzpabost hilabetez etxaldez etxalde ibiltzen dira Lasa eta bere taldekideak ardiak «txukun-txukun» jartzen. Lortzen den artileak apenas du baliorik gaur egun «zakarra eta lodia» delako eta Lasak azaldutakoaren arabera, Iranera esportatzen da bertan alfonbrak egiteko.

Azoka egun berezi honen kontakizunean, ezin aipatu gabe utzi arkume pintxoen postua, ohikoa denez, hura izan baitzen merkatuko beste arretagune nagusia. Begi-bistakoa, han sortu ziren ilarak ikusita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo