GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Artzain eguna Ordizian

«Takoiak eta maleta utzi, eta gazta egitera eta sari bat irabaztera pasa naiz»

 Begoña Fresneda
Erregulartasun sariaren irabazlea

Pozarren hartu du Erregulartasun saria, azken urteetan egindako lan eta sakrifizioaren ordaina dela uste baitu. Orain dela hamar urte erabaki zuen enpresa zuzendari lana utzi eta Nafarreten (Legutio) senarrarekin batera etxaldea sortu eta artzaintzari eta gaztagintzari buru-belarri heltzea.

Artzain Egunean egiten den sari banaketaren berririk ez zuen, eta, horregatik, berari egokitu zitzaiola jakinarazi ziotenean harritu egin omen zen, «guk ez dugu, bada, inon gure gaztarik aurkeztu», pentsatuta. Sekretuaren gainean galdetuta, «denek berdina esango dizute, baina, tira, mimoz egitea da», erantzuten du, Nafarrete aldeko larreen kalitatea nabarmentzea ahaztu gabe. Produkzio txikiaren alde egin dute senarrak eta biek, urtean 1.500 bat gazta egiten baitituzte batez beste. Baina hori bai, kalitate handikoak horiek. «Egunero aztertzen eta hausnartzen dugu gure produktua nola hobetu», nabarmendu du Fresnedak.

Zer da errekonozimendu hau zuentzat?

Saria emozio handiz jaso dugu, ez gara normalean lehiaketetara aurkezten, baina beti gauzak ondo egiteko asmoa izan dugu, gazta mimoz zaintzekoa, eta sari hau errekonozimendua da, egin dugun lanaz jabetu diren seinale. Erregulartasunaren saria, gainera, oso garrantzitsua da, agerian uzten baitu gazta onak  egiten ditugula jarraitutasunez.
Sariak, gainera, ezustekoan harrapatu gaitu. Senarrari esan nion saria eman zigutela, eta «inon ez dugu-eta ezer aurkeztu», erantzun zidan berak. Guk etxean saltzen dugu egiten dugun gazta guztia, ez gara merkatuetara joaten eta orduan ez dugu arreta handia jartzen gisa honetako errekonozimendu eta sarietan. Gure inguruko jendeak egiten dugun esfortzuak merezi duela jabetzeko ere balio du. Ordu asko ematen ditugu etxetik apenas mugitu ere egin gabe, eta jendeak behin baino gehiagotan esaten digu oso bizitza sakrifikatua daramagula. Orain guztiek ikus dezakete lan txukuna egiten ari garela, esfortzuak esfortzu.

Garrantzitsuago gainera, kontuan izanda  zuek nolabait iritsi berriak zaretela artzaintza eta gaztagintzara.

Bai, artaldearekin hamar bat urte daramatzagu, sei-zazpi urte daramatzagu gaztak egiten eta lau, Idiazabal Jatorri Izendapen barruan.

Zerk bultzatu zintuen artzaintza mundura?

Hemeretzi urte eman ditut lanean paper arloko enpresa batean zuzendari lanetan. Mundu honek ez du zerikusirik artzaintzarekin, baina bat-batean barruan esnatu egin zitzaidan jakin-mina eta beste bizimodu bat egiteko gogoa izan nuen. Hasieran beldurra izan nuen aldaketa handia delako, baina ilusio handiarekin hartu nuen, bestalde, bide berri hau. Nire kargu zeuden langileak ikusiko banindute gaur egun gazta egiten ez lukete sinetsi ere egingo. Izan ere, takoiak eta laneko maleta eramatetik gazta egitera, eta gainera, horrekin sari bat irabaztera pasa naiz.

Enpresa mundutik artzaintzara, non ikasi zenuen gaztak egiten?

Ikastaroak egin nituen Arkauten eta Arantzazun, eta gero zenbait artzainekin aritu nintzen ikasten eta euren esperientzia jasotzen. Gainerakoan, guk gure aldetik ere asko jarri diogu, esperimentatzen aritu gara denbora luzean.

Eta zein da zuen sekretua gazta on bat egiteko?

Gure kasuan sekretua oso konstanteak izatean datza, eta, noski, denek esaten duten moduan, gazta mimo handiz egitean. Uneoro aztertu eta hausnartzen dugu nola hobetu egiten dugun produktua.

Suposatzen dut bidean zailtasun eta trabak izango zirela?

Zailtasunak handiak izan dira, batez ere, instituzioen aldetik jartzen diren trabak handiak direlako. Aho betean hitz egiten dute nekazari gazteei ematen dizkieten laguntzen gainean, baina guk munduko traba guztiak izan ditugu produkzio eta inbertsio handiaren aldeko apustua egin ez dugulako. Gure artaldean 150 buru ditugu. Gu ez gara soilik ardiez eta gaztaz bizi, senarrak egurrarekin egiten du lan eta nik sendabelarrekin aritzen naiz. Aspaldiko artzainek egiten zuten moduan egiten dugu lan, hein batean, baina artzaintzan jardun gabe.

Inoiz pentsatu al duzu, dena utzi eta berriz ere enpresa mundura itzultzea?

Bai, egia esan, pentsatu izan dugu. Azken batean, zailtasunak handiak dira. Urtean 1.500 gazta egiten ditugu eta eskatzen digutena industria handiei adinakoa da. Inbertsio handiak eskatzen dituzte eta aurrera egitea oso zaila da.

Krisi garaian murgilduta, ba al duzue zailtasunik salmentarako?

Guk hiru urte daramatzagu egiten dugun gazta guztia saltzen, baina kontuan izan behar da gure produkzioa txikia dela. Inguruko hiru jatetxetan ere banatzen dugu eta sagardotegi handi batek ere gure aldeko apustua egin du. Nafarraten kalitateko larreak daude, eta bertan egiten den gaztari nabaritzen zaio hori. Jendeak nahiago izan ohi du gazta mota bat edo bestea, baina gure gazta probatzen duen orok errepikatu egiten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo