GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Musika eta osasuna (III): Hobekuntzaren kontzientzia

Aritz SOUND SYSTEM | Kazetaria eta musika adiktoa

Musika eta osasunaren arteko harremanari buruz hitz eginez hasi genuen 2009. urtea. Musikak historikoki gizakiarekin izan duen harremana eta musikak osasunarentzat dituen ondorio onuragarriak aipatu genituen. Amesgaizto batek musika eta osasunari buruzko hirugarren atala atzeratu zuen, orain arte. Musikak osasunean eduki ditzakeen ondorio onuragarriak frogatuta daude, eta, azterketa zientifiko konplexuetan sakondu gabe, gutako edonork nabarituko zituen behin baino gehiagotan. Kontrajarria badirudi ere, azken urteetan egin diren ikerketa batzuen arabera, arrakasta lortzen duten musikariek gazte hiltzeko arrisku handiagoa omen dute. Jakina da, izen ezagun asko (Janis Joplin, Jimi Hendrix, Jim Morrison, Bob Marley, Sid Vicious eta abar) oso gazte hil zirela eta gure artean oso zabalduta dagoela «azkar bizi, gazte hil» delako esaldia. Heriotza horiek aztertuz gero, ordea, heriotzaren zergatiak zuzenean musikarekin erlazionatuta ez daudela ikus daiteke eta zerikusi handiagoa dute, egile horiek zeramaten bizimoduarekin. Musika berez ez da osasunerako kaltegarria, baina haren inguruan sortzen diren bizitza ereduak bai, kaltegarriak izan daitezke, eta ez soilik arrakasta dutenentzat. Mundu honetan buru-belarri murgilduta dagoen edonork (maila profesionalean izan gabe ere; eta ez soilik musikariak, baita soinu teknikari, antolatzaile, eta abarrek ere) nabaritu ditzake ondorioak. Musika, estilo batzuetan bereziki, jaiarekin eta festarekin erlazionatzen da. Musikaria gauez aritzen da gehienetan, kilometro asko egin behar ditu, atsedenerako tarte gutxi, soinu ekipoekin gora eta behera ibili behar du, bolumen altuegiak jasan behar, dieta kaskarra izaten da, jende aurreko tentsio eta urduritasunak, saioa egin beharraren konpromisoa (batzuetan gogorik gabe edo erdi gaixo egonda ere) eta gainera, «gorputzari buelta emateko» edo «puntua hartzeko» oso osasuntsuak ez diren substantziak hartzen dira askotan (erabileraren arabera, dependentzia arriskutsuak sor ditzaketenak). Ez dira lanerako baldintza onenak izaten baina, beste jarduera mota askotan ere ez ote dira antzekoak edo okerragoak izaten? Askotan, musika munduan buru-belarri sartu nahi duten gazteei musika mundua arriskutsua dela esaten zaie (beste eremuetan arriskurik ez balego bezala); droga asko dagoela eta antzekoak (beste inon egongo ez balira bezala). Musika munduan ere, informazioa zabaldu eta eztabaida sortzearekin batera, lan baldintza duinagoak lortzen saiatu beharko genuke, ezta?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo