GARA > Idatzia > > Kultura

Aipagarriak

Makinen aurrean jarrera aldaketa baten beharraz ohartarazi du Bengoetxea filosofoak

Joseba Jaka beka irabazi ondoren, «Cyborgaren otzantasuna» (Elkar) saiakera liburua kaleratu berri du Juan Bautista Bengoetxea filosofo bilbotarrak. Teknologien aurrean otzanak ez izateko deia egiten du bertan.

p049_f02_97x152.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Gizakia, makina eta otzantasuna. Horiexek izan dira Juan Bautista Bengoetxeak saiakera honetan uztartu eta sakondu nahi izan dituen hiru nozioak. Filosofian doktorea den bilbotar hau irakasle moduan dabil Valladolideko Unibertsitatean eta aurretik Coloradokoan eta Euskal Herrikoan ere aritu izan da. Zientziaren, teknologiaren, gogamenaren eta kulturaren filosofien arloetan ikertu du batik bat eta bere argitalpenen artean daude: «Filosofia eta Zientzia» eta «Dogmak zientzian?».

Oraingo honetan teknologiaren gaineko hausnarketa bat egin du, noski, filosofiaren ikuspuntutik. «Teknologiak beldurra ematen badu, filosofiak... Saiakera honetan bi mundu horiek modu literarioan uztartzea eta publiko zabalago batek irakur dezakeen liburu bat sortzea izan da erronketako bat», adierazi zuen atzo Donostian egindako aurkezpenean.

Bengoetxearen ustez, denok gara cyborgak, «guk, gizakiak egiten ditugu makinak, baina alderantzizko prozesua ere gertatzen da. Teknologiak egiten gaitu gu». Gaineratu zuen filoso- foen artean dagoeneko ez dela onartzen teknologia «neutroa» deneko teoriarik, «egoera jakin batean, helburu jakin batekin daude diseinatuta».

Jarrera aldaketa bat da egileak aldarrikatzen duena «erantzunak baino, galdera gehiago dituen» liburu honekin. «Iritsi da momentua guk ere pentsatu eta zerbait esateko, otzantasun hori apurtzeko. Demokraziaren ideia zabaldu behar da teknologian ere. Denok daukagu zerbait esateko eta erabakiak hartu behar ditugu», adierazi zuen. Aldaketa horren gakoa informatuta egotean datzala azaldu zuen gainera, eta interesa edukitzean eragiten diguten kontuetan. «Gal- detu gabe uzten baduzu, faktura iritsiko zaizu halako batean. Zaila da denean informatuta egotea. Hor konfiantza sartzen da jokoan, adituei sinesten diegu. Baina adituen artean ere kontraesan handiak daude».

Bost ataletan banatu du liburua Bengoetxeak. Lehenengoan fikzioaren gainean hausnartu du, «historian zehar, zineman eta zientzia fikzioan islatu izan baita bai cyborga eta bai gizakiaren jarrera ere». Bigarren atala kulturaren gainean mintzo da, fikzioa ez dena, egilearen esanetan «asko idatzi da gizakiaren eta makinen arteko harremanaz».

Hirugarren atala liburuko funtsezkoena, nukleoa da filosofoak adierazi zuenez eta gogamenari buruzkoa da, hain zuzen. «Momentu honetan pil-pilean dauden eztabaidei buruz hitz egiten dut bertan. Filosofoen eta zientzialarien artekoak, neurozientziak...». Laugarren atalean etikaren gainean aritu da, «cyborgak bagara, eta hala uste dut garela, etika berria proposatu beharko da, moldatu egin beharko dugu orain artekoa». Azkenik, politikari buruzko atalean, etorkizunaz hausnartu du.

 

INFORMAZIOA

«Demokraziaren ideia zabaldu behar da teknologian ere. Denok daukagu zerbait esateko eta erabakiak hartu behar ditugu. Interesa eduki eta informatuta egotean dago gakoa. Galdetu gabe uzten baduzu, faktura iritsiko zaizu halako batean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo