«Liburuak ibilbide luzea egingo du; barruan daukadan taupada bat da»
Idazlea
«Bitartean heldu eskutik» poesia liburuarekin maitemina sortu zuen Kirmen Uribek, eta itzal handiko lan horri jarraiki, eleberrigintzara jauzi egin zuen. «Bilbao-New York-Bilbao»-rekin apustu ausarta egin zuen ondarroarrak eta arrisku hark bere saria eman dio. Euskarazko eleberri onenari dagokion Kritikaren Saria jaso zuen larunbatean Xabier Leterekin batera; azken honek, poesia arloan.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Euskarazko eleberri onenari dagokion Kritikaren Saria jaso zuen larunbat gauean, eta biharamun goxo batek esnatuta egin dio lekua garari idazle ondarroarrak.
Lehenengo eta behin, zorionak jaso duzun sariagatik. Nola jaso zenuen berria? Gogorra izan al da biharamuna?
Biharamuna oso goxoa izan da. Sari honek, guztien moduan, poz handia eman dit. Ezustean jaso dut eta ezusteko horiek ederragoak izaten dira. Oso pozik nago, aurten kalitate handiko lanak atera direlako, eta horien artean nire lana hautatzea poz handia da.
Apustu ausarta izan zen «Bilbao-New York-Bilbao»-rekin egin zenuena. Agian apustu hori izan da sari horretan pisu handiena izan duena?
Ez dakit. Boz bat baino gehiago egoten dira sari horietan, beraz, batzuek ausardia hori kontuan hartuko zutela uste dut. Beste batzuek, aldiz, liburua gustuko izan dutela, besterik gabe. Hala ere, liburu ausarta da baina erraz irakurtzen da. Berritzailea den edo ez den ahaztuta, esan diren gauza horiek guztiak alboratuta, irakurle arruntak liburua jasotzen duenean uste dut oso ondo irakurtzen duela eta hori da garrantzitsuena. Diskurtsoa, berritzailea dela, edo ausarta dela, hori guztia bigarren mailakoa da. Inportanteena da irakurle arruntak liburua irakurri duenean gustatu egin zaiola eta hori ikusi da saldu diren 6.000 aleekin.
Atzo epaimahaiak esandakoaren arabera, bere «prosa aberatsagatik» eta «hunkigarritasunagatik» saritu dute zure lana. Zer deritzozu zuk?
Prosarekin bat nator, gehien landu izan dudana estiloa izan delako. Estiloa oso landua dago, anitza da, hizkuntza asko agertzen dira -e-mailak, eskutitzak, egunerokoak, hizkuntza zientifikoa, literarioa...-. Hori guztia oso landua dago, eta nik gainera nahi nuen estiloak eramatea aurrera; hau da, irakurtzeko gogoa estiloak berak sortzea. Alde horretatik, bat nator; hunkigarritasunarena, ordea, uste dut gauza subjektiboagoa dela. Uste dut hunkitzen gaituztela benetan sinesten ditugun liburuek, liburuan sartzen garenean, orduan hunkitzen garela. Baina liburu hau ez dago hunkitzeko idatzita, inondik inora.
«Bitartean heldu eskutik» itzal handiko lana izan zen. Sari horrek «Bilbao-New York-Bilbao»-rekin hasitako bidea gehiago definitzen lagunduko dizula uste al duzu?
Bai, lagunduko dio. Liburu horrek ibilbide luzea egingo duela uste dut. Barruan daukadan taupada bat da. Euskal Herrian bide luzea egingo du eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Irakurri duten lagunek, gehienbat euskaldunek eta baita kanpokoek, hitz bat nabarmendu dute beti; `originala' dela. Originaltasun hori eskertuko dela uste dut. Azkenean liburuak Euskal Herriaren ikuspegi bat ematen du, anitza, koloretsua, baikorra ere bai momentu batzuetan, eta hori eskertuko da.
Kanpora ere bidaiatu dezakeela uste duzu, zer espero duzu hemendik aurrera?
Espero dut, alde batetik, jendeak sari honekin bigarren aldiz irakurtzea liburua eta beste begi batzuekin irakurtzea. Jende askok esan dit bigarrenez gehiago gustatu zaiola. Horrez gain, itzulia izatea nahiko nuke eta bere bidea egitea, pixkanaka pixkanaka, «Bitartean heldu eskutik»-ek egin zuen moduan, bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere.
Eleberrigintza eta poesia. Zein da Kirmen Uriberen kutunena?
Kutunena... Kutunena agian poesia izango da, beti. Azkenean lehenengo liburua poema liburua izan zen, eta «Bitartean heldu eskutik»-ek nire bizitza aldatu zuen. Beti eskertuko diot hori poesiari. Baina gusturen, idazketa lanetan, nobelagintzan aritu naiz. Oso gustura aritu naiz nobela hau idazten. Poemetan gehiago kostatzen zait, lan gehiago egin behar da agian. Ez dakit nola esan, bi erritmo desberdin dira. Baina gusturen, berriro diot, nobelagintzan aritzen naiz. Eta gustatzen zait istorioak kontatzearen kontu hori eta istorioak kontatzeko modu onena nobela da.
Beste «anaiarik» emango al diozu «Bilbao-New York-Bilbao»-ri? Orokorrean zeintzuk dira etorkizunerako dituzun egitasmoak?
Idazten jarraitzea eta disfrutatzen jarraitzea da nire asmoa. Ez naiz tipo obsesibo bat, ez ditut liburu asko eta azkar idazten, oso geldirik idazten dut eta erritmo horrekin jarraituko dut. Pausoak pixkanaka eman, eta ahalegindu liburu bakoitza irakurlearentzat zerbait desberdina izan dadin, ez dadila nire burua errepikatu.
«Kutunena, agian, poesia izango da beti, baina gusturen nobelagintzan aritzen naiz, istorioak kontatzeko modu onena nobela baita»
«Pausoak pixkanaka eman nahi ditut eta liburu bakoitza irakurlearentzat zerbait desberdina izan dadin ahalegindu nahi dut »