Bi gizon hil eta emakume bat larri zauritu da Itsasondon izandako auto istripuan
71 eta 65 urteko bi gizonezkok bizia galdu zuten atzo Itsasondon jazotako auto istripu batean eta 57 urteko emakumezko batek zauri larriak izan zituen. Irun aldera zihoazela, autoa errepidetik atera zen.GARA |
Atzo eguerdian 71 eta 65 urteko bi gizonezko zendu ziren Itsasondon gertatutako auto istripuan. Ertzaintzako iturriek jakinarazi zutenez, lehenbizikoa frantsesa zen eta bigarrena, portugaldarra. Hirugarren pertsona bat ere bazihoan beraiekin ibilgailuan, 57 urteko emakume portugaldar bat, hain zuzen, eta erreskate zerbitzuetakoek larri zaurituta eraman zuten Zumarragako ospitalera, anbulantzia medikalizatuan.
Arrazoiak, argitzeke
Lakuako Barne Saileko bozeramaileek zehaztu zutenez, ezbeharra eguerdiko hamabi eta erdietan jazo zen, hiru bidaiariak N-I errepidean zihoazela, Irungo norabidean.
Oraindik argitu gabe dauden eta Ertzaintza ikertzen ari den arrazoiengatik, gidariak bolantearen kontrola galdu zuen eta autoa errepidetik atera zen Itsasondo parean, bihurgune bat igarota hasten den bide zuzenean hain justu. Ibilgailuaren barrenean zihoazen hiru lagunek izugarrizko kolpea jaso zuten.
Ondorioz, 71 eta 65 urteko bi gizonezkoek une horretan bertan galdu zuten bizia eta erreskate zerbitzuetakoek ezin izan zuten deus egin haiek salbatzeko. Horietako bat ibilgailu barruan harrapatuta gelditu zen, bizirik ateratzea lortu zuen 57 urteko emakumezkoarekin batera. Larrialdietako langileek erreskatatu zituzten bi lagunak, eta zauritutako emakumezkoa Zumarragako erietxera eraman zuten sendatzera, anbulantzia medikalizatuan.
Konorterik gabe
Ertzaintzako eledunek agertu zutenez, Portugaleko emakumezkoaren egoera larria zen. Zehaztu zutenez, ordu bat eta erdietan oraindik konorterik gabe zegoen, istripua jazotako leku berean.
Ezbeharra gertatu ondotik, N-I errepidea moztu egin zuten Irungo noranzkoan eta auto pilaketak ekiditeko asmoz, trafiko arduradunek alde horretarantz zihoazen gidari guztiei errepide zaharra hartzeko esan zieten. Hala ere, inguru horretan dezenteko auto ilarak sortu zirela jakinarazi zuten.
Hildakoetako bat eta zauritutako emakumea autoaren barrenean harrapatuta gelditu ziren. Emakumezkoa, Portugalen jaiotakoa, Zumarragako erietxera eraman zuten.