GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Buruz Buruko Txapelketa

Joko klasikoa nagusitu da

Agirre partida nahasten saiatu zen arren, Belokik bere dohainak inposatu zituen neurketa erditik aurrera.

p039_f01_097x068.jpg

BELOKI 22

AGIRRE 11

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

«Ni bezalako pilotariek, buruz buru zerbait egiteko, sakearekin asko asmatu behar dute, eta gaur ez dut batere sakatu. Sake bueltan tantoa amaitzeko aukerarik ez dut izan eta piloteoan Belokik min handia egin dit». Horrelaxe laburbildu zuen partida Imanol Agirrek, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Izan ere, airez eta dejadarekin, Arteakoa saiatu zen Ruben Beloki faboritoari gauzak zail jartzen, baina norgehiagokaren bigarren zatian Burlatakoaren jokoa nabarmen nagusitu zen.

Beloki urduri samar irten zen kantxara, pilota gozatu ezinik, eta Agirrek ongi baliatu zuen egoera hori seigarren koadrotik egindako dejadei esker jokoa nahastu eta markagailua estutzeko (11-9). Bizkaitarrak bi dejada eta horma biko eder bat sinatu zituen, eta sakez egindako hiru tantoak ere tarte horretan iritsi ziren. Hortik aurrera, ordea, ez zuen horrenbeste asmatu.

Belokik, aldiz, gero eta gehiago gozatu zuen, eta sakearekin ere min gehiago egiten hasi zen. «Aurreneko eguna zailena izaten da, tentsioa askatzea kosta egiten delako. Bere dejadei beldur handia nien eta horregatik agian aurreraegi jarri naiz. Baina bigarren zatian lasaiago jokatu dut eta pozik gelditu naiz garaipen honekin», adierazi zuen Belokik partida amaieran.

Atzelari nafarrak Asier Olaizolaren aurka jokatuko du final-laurdenetan. Iaz, Olaizola I.ak berak kanporatu zuen Beloki.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo