GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Elkartasunak lekua izango du Azkoitian, dispertsioaren salaketarekin batera

Dispertsioa ezarri zenetik 20 urte bete direla-eta protestaldi ugari izan da egunotan. Larunbatean, Azkoitiak hartuko du lekukoa salaketa eta elkartasun ekintzaz beterik datorren Elkartasun Egunarekin.

p014_f01.jpg

GARA |

Azkoitiak larunbatean ospatuko du aurtengo Elkartasun Eguna, eta jaia eta aldarrikapena uztartzen dituen egun honen bidez herriko preso politikoei zein euren senideei elkartasuna helarazi nahi diete azkoitiarrek. Amnistiaren aldeko mugimenduak aurtengo edizioa aurreratu du, jaialdiak euskal preso politikoen kontrako dispertsioa ezarri zeneko hogeigarren urteurrenarekin bat egin dezan. Gogoz salatu zuten presoen kontrako politika hori, Elkartasun Egunaren berri emateko egindako agerraldian. Adin guztietako azkoitiarrak bildu ziren bertan, eta sakabanaketak senideak astebururo «errepidearen sufrimendura kondenatzen» dituztela salatu zuten aho batez, bai eta egoera horrek dakarren «arrisku eta galera ekonomikoa».

Hogei urte indarrean daramatzan politika honek «sufrikario handia» eragin duela esan, eta 38 euskal herritarren heriotza ekarri izana aipatu zuten horren erakusgarri. Sakabanaketaz gainera, Estatu espainolak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurka indarrean jarritako bestelako neurriak ere hizpide izan zituzten. Ildo honetan, zigorra betea duten presoei inposatzen ari zaien bizi arteko kartzela zigorra edota gaixorik diren presoak espetxean mantentzea salatu zuten bereziki azkoitiarrek.

Egoera horren aurrean, larunbateko Elkartasun Egunarekin, zigorra beteta duten presoen zein larriki gaixorik direnen askatasuna eskatu nahi dute. Sakabanaketa politika abiatu zeneko 20. urteurrena izaki, dispertsioaren amaiera eta euskal presoen euskal herriratzea ere galdegingo dute.

Aldarrikapen horiek oihartzuna izan dezaten egitarau oparoa antolatu du amnistiaren aldeko mugimenduak. 11.00etan hasiko da aldarrikapen egunari, herri krosa eta umeentzako parkearen irekierarekin. 14.00etan herri bazkaria izango da, eta gizon proba gero. 19.30ean manifestazioa abiatuko da eta EH Sukarra-ren kontzertuarekin amaituko da eguna.

Irungo amnistiaren aldeko mugimenduak ere Elkartasun Bazkaria antolatu du larunbaterako. Bazkaria Hendaian izango da errepresioa dela-eta Irunera joan ezin duten herritarrei elkartasuna eskaintzeko.

Presoen alde, atzo mobilizazioak izan ziren Iurretan (45 lagun), Euban (10), Ordizian (17), Zaldibarren (13), Zaldibian (20), Ondarroan (65), Laudion (45), Ataunen (40), Otxarkoagan (22) eta Errekalden (50).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo