GARA > Idatzia > > Mundua

Obamak AEBen segurtasuna arriskuan jarri duela esan du CIAko zuzendari ohiak

CIAko zuzendari ohi Michael Haydenek Barack Obamaren aurka egin zuen George W. Bushen agindupean galdeketetan onarturiko torturei buruzko lau txosten argitaratzeagatik. Bere hitzetan, ekintza horren ondorioz nazioaren segurtasuna «arriskuan» jarri du.

GARA |

CIAko zuzendari ohi Michael Haydenek kritika zorrotza egin zion Barack Obama presidenteaari George W. Bushen agindupean egin zituzten torturen berri ematen duten hainbat txosten argitaratzeagatik. Joan den astean, galdeketetan atxilotuen kontra erabil zitezkeen eta erabili zituzten tortura metodoak jasotzen zituzten lau txostenen argitalpena baimendu zuen Obamak epaileen eskariz.

«Gerran gaude eta gure etsaiei mugak zeintzuk diren adierazi diegu. Informazio hori benetan baliagarria da», nabarmendu zuen Fox kateari eginiko adierazpenetan.

Txosten horien arabera, Bushen Gobernuak zerbitzu sekretuei galdeketetan intsektuak erabiltzeko bide eman zien -hori bai, pozoitsuak izan ordez, pozoirik gabeko beldar mota bat gomendatu zuen-. Horrez gain, atxilotuari loa eragoztea, itotzen ari zela sinetsaraztea eta horma faltsuen kontra gogor jaurtitzea baimendu zuen Washingtonek. Jarduera horiek debekatuko zituela hitza eman zuen Obamak boterea hartzean.

Haydenek, CIAko zuzendari 2006tik 2009ra, erabaki horrekiko erabateko desadostasuna agertu zuen. «Debekuak eta erabilitako metodoak jakitera eman izanak CIAren kideen eginbeharra, gure nazioa babestea hain zuzen ere, izugarri zailtzen du», ohartarazi zuen.

Obamaren kabinetearen buru Rahm Emanuelek kritikak gaitzetsi zituen. «Datuak ezagunak ziren jada. Horregatik, erabaki zuen txostenak argitaratzea. Informazioa idatzita dago, New York Review Book ikustea besterik ez dago», adierazi zuen.

Presidentearen aholkulari politiko David Axelrodek ere haren alde egin zuen. «Txosten horietan agertzen den ia guztia argitaratuta dago. Testigantzetan oinarrituta, teknika horien zerrenda bat eman zion New York Review Book-ek Gurutze Gorriari. Al Qaedak aipaturiko agiria ez duela irakurtzen pentsa dezake, baina zer gertatzen ari den badakiela susmatzen dut», esan zuen.

183 aldiz burua urperatu

Ostegunean, Obamak argi utzi zuen ez dituztela CIAko kideak epaituko Bushen gobernupean atxilotuak torturatzeagatik. Aginduak betetzen zituztela argudiatu zuen.

Atzo, «New York Times»-en arabera, Irailaren 11ko atentatuen ideologoa zela aitortu aurretik, 2003an Sheik Mohmmed presoari 183 aldiz sartu zioten burua ur azpian itotzen ari zela sinetsarazi nahian.

2002an, Abu Zubaydari gauza bera egin zioten 83 aldiz. Zerbitzu sekretuen ofizial ohi John Kiriakouk esan zuenez, horren ostean karguak onartu zituen presoak.

lehen bilera

Boterea hartu zuenetik lehen aldiz, Gobernu osoarekin bildu zen atzo Obama. Gai ekonomikoak izan zituen hizpide. Gobernuaren gastuak murriztu nahi ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo