Arrazakeria: ukazioa ukazioaren atzetik
Zeintzuk dira, gaur egun, mundu mailan arrazakeriaren aurka lan egiten dutenen lehentasunak? Zeintzuk dira eraso gehien jasotzen dituzten arraza edo etniak, bazterkeria era latzenean pairatzen dutenak? Zaila da galdera honi erantzun borobila ematea, zalantzarik gabe. Baina are zailagoa izango da NBEk Genevan egunotan antolatu duen Arrazakeriaren Aurkako Munduko Goi Bileraren kronikei erreparatzen badiegu.
Izan ere, bilkura honekiko nazioarteko komunitateko potentzia nagusiek hartu duten jarrera ikusita, pentsa baitaiteke alor honetako arazo nagusia antisemitismoa dela eta, ondorioz, judutarrak direla gaur egun arrazakeria gordinen pairatzen duten herritarrak. Herrialde horietako batzuek -AEBak, Israel eta Alemania, besteak beste- aldez aurretik erabakia zuten goi-bilera blokeatzea, beste zenbait herrialdek -Iranek, bereziki- Israelen kontra esan ditzaketenak aurreikusita. Irango lehendakari Mahmoud Ahmadinejad-ek, bestalde, gidoia bete du eta Israelgo Estatuaren sorrerarako arrazoiak zalantzan jarri zituen atzo, juduen holokaustoari buruz behin eta berriz defendatu duen negazionismoa berretsiz, oraingoan bere hitzak ohi baino gehiago neurtu baditu ere. Eta, Ahmadinejadek Israel arrazistatzat jo ondoren, gainontzeko europar estatuek ospa egin dute bilera aretotik, Israelekiko elkartasun keinu gisa.
Justiziaren eta askatasunaren alde dagoen edonork ondo daki Israelek gaur egun ez duela ez babesik ez elkartasunik behar, ezta gutxiago ere. Israel estatu arrazista da arabiarrak segregatzen dituelako, bigarren mailako herritar gisa tratatzen dituelako eta arraza, etnia eta erlijioa irizpide hartuta, komunitate hori suntsitzea duelako helburu. Eta are larriagoa dena, nazioarteko komunitatearen baimenarekin egiten du. Nolanahi ere, palestinarrek behar dutena ez da juduen holokaustoa ukatzea, palestinarren aurkakoa genozidioa dela onartzea baizik eta, honek bai, babesa eta elkartasuna. Hau esanda, arrazakeriaren auzi orokorrari dagokionez, hasierako galderak ez du indarrik galdu. Bai, ordea, erantzunak.