GARA > Idatzia > > Kultura

Itsaso Paia eta Arrate Illaro, Aiherrako bertso finalera

Joxemiel ETCHEMENDY | MAULE

Bertso giro bikaina izan zen Mauleko Zinka ostatuan Hernandorena gazte sariaren azken kanporaketan. Donibane Garazi eta Larresoroko saioetan gertatu bezala, hegoaldeko hiru bertsolari aritu ziren kantuan, Eñaut Uruburu, Itsaso Paia eta Arrate Illaro. Eta beste hiru iparraldetik, Maiana Irigoien, Txomin Elosegi eta Mizel Mateo.

Ordu eta erdiko saioaren ondotik, Itsaso Paiak eskuratu zuen lehen postua 198 punturekin, eta bigarren Arrate Illarok egin zuen, 196 eskuratuta; biek lortu zuten Aiherrako finalean aritzeko txartela, eta han Ekhi Erremundegi, Patxi Iriart, Unai Gaztelumendi, eta Ximun Cazaubon izango dituzte bertsolagun; apirilaren 25ean izango da hori, Denen Etxea-n, arratseko zazpi eta erdietatik goiti.

Hirugarren, laugarren eta bosgarren puntu bertsuekin gelditu ziren Maiana Irigoien, Mizel Mateo eta Txomin Elosegi, 189 bilduz zakura, eta justuki hori izan zen saioak ukan zuen oreka eta berdintasunaren adierazle. Seigarren postuan norbaitek behar eta Eñaut Uruburuk bete zuen, 177 punturekin.

Saio parekatua

Goxo hasi zen saioa zortziko handian Uruburu eta Mateoren eskutik, lanbide zaharrenari buruzko galdera-erantzunetan aritu ziren aitona eta bilobaren paperean. Saiorik borobilena ondoren etorri zen, gau osoan zorrotz eta bikain aritu ziren Paia eta Illaroren ahotik.

Elosegi eta Irigoien urduri samar agertu ziren hasterakoan, baina biek gora egin zuten, eta oso gazteak izaki, etorkizun oparoa dutela erakutsi zuten. Finalerako txartela eskuratu zuten bi bertsolariak egindako lanarekin gustura agertu ziren amaieran. Paiak euskalkiaren berezitasuna aldarrikatu zuen hala ere, Erik Etxart gai emaileak zubereraz jardun baitzuen saioan, euskalki honen ertzak fintasunez menperatzen dituela agertuz. Eta xarma handiko topatu bazuen ere, une anitzetan ulertzeko zailtasunak izan zituela onartu zuen Algortako bertsolariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo