Pello Zabala | eguraldi aditua
Maiatza udaberri?
Maiatzarekin lotu izan dugu udaberri pinpirin loratu margoanitz txanbelina! Egia da udaren ate ere badela. Zeltek maiatz lehena zuten udaren ataka. Egunaren zabalerari begira, bai. Apirila da eguzkia gehien goititzen duena. 74 minutu erantsi dizkio egunari, 44' goizetik, eta 30' arratsetik. Martxoak 6' gehiago hazi zuen neguak ihartu eguna: 80' erantsi zizkion hilabeteren buruan.
Hartara jarrita, esan urtarrilak 40 minutuz hazi zuela neguak ahitutako egun gajoa. Otsailak indartu bat eman zion: 66 minutuko bultzada. Martxoak, esan bezala, 80 eta apirilak, 74. Alegia, horiek denak batu eta... eguna 260 minutuz hazi, zabaldu eta gizendu da: lau ordu eta 20 minutu irabaziak ditu. Ez zaizkio asko faltako bere osotasunera iristeko. Maiatzak erantsiko dizkion 55 minutuak eta ekainaren 9 minutu eskastxoak: ordubete eta 4 minutu falta egunari bere zabalenera iristeko.
Honekin denarekin, zer? Gauden egunean, «maialehenean», eguna ia-ia osatutzat eman daitekeela. Gaur eguzkia 5.14an aterako da. Arratsaldean sartu, berriz, 19.10ean. Ia 14 ordu dira, 4 minututxo falta, eta hori, uda ofizialerako 52 egun falta zaizkigunean. Egia da bai, ekain osoa, esateko, eguzkia gainetik dabilenekoa dela: baina goizetik ez du asko irabaziko; ekainean egunak 3 minutu irabazten ditu goizetik eta San Pedro biharamunerako 4' galdu. Ez da negozio txarra goizari hain goiz hasita iraunaraztea. Baina, hor beheraka abiatzen den goizak halaxe jarraituko du uztailean beste 23 minutu laburtuz.
Egun luzeenetara iristear bagabiltza ere, maiatzari sekulako beldurra zioten gure asaba haiek. Atsotitzak lekuko: «Maiatza neskatxa ederra ei zan baina alperra; goseak eta hotzak hil zuen»; «Maiatz luzea, maiatz gosea, harek hil zian nire alaba gaztea»;«Maiatza infernu, ekain-uztailak zeru»; «Maiatzean lehengo andreak aulkia erre zuen egurraren faltan»; «Ganbarako bazterrean, maindire bat ahotz; maiatzaren azkenera arte, gorde zak»; «Zertarako behar horrenbeste lukainka? Maiatz luzeak eramango ditu aixa»