GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna

Sustraiak

«Sustraiak barrenago, zuhaitza gorago», dio euskal esaera zahar batek ere. Elkarren sustraiak batzen hasteko garaia da. Guztion iraupena lortzeko, norberaren interesak alboratu eta elkar ulertzen jakin behar dugu

«Contemplar la magia de la naturaleza es sembrar en el alma lo especial de la vida»

Jose Martí

Bat. Natura gutxiesteko joera orokortuta eta onartuta dagoen gizarte batean bizi gara. Begirunea eta esker ona adierazi beharrean, ama naturaren aurka ekin eta uneko interesen arabera ustiatzen dugu, egunetik egunera bere heriotza modu larrian azeleratuz. Ispilutzat baino, produkzio baliabide soiltzat hartzen dugu (pertsonekin egin ohi dugun gisara), zentzugabeki. Areago, azken hamarkada luzeotan, sarraski mingotsak pairarazi dizkiogu, guztiona dena inorena bilakatu nahiko bagenu bezala.

Izan ere, garapena eta aurrerapena ke eta zementuzko gune erraldoi bilakatu diren metropoli eta hiri amaigabeetan kontzentratzen direla irakatsi digute. Landa guneak, mendi, baso nahiz lautada zabalak, aldiz, non oraindik ere naturarekiko zuzeneko harremanak nolabait bizirauten duen, gune atzerakoi, ezjakin eta azpigaratutzat hartzen ditugu.

Era berean, Babelgo dorrearen imitazio hutsala diruditen etxe orratzetako batetik irteten den negozio emakume zein gizona arrakastarekin lotzen ikasi dugu inkontzienteki; bitartean, errespetuzko harremanean oinarrituz, lurra ereitetik bizi den nekazaria iragan mendeetan estankatutako izaki arraroa bailitzan begiratzen dugu.

XXI. mendean eta Mendebaldeko jendartean, natura eta azpigarapena elkarren eskutik doazen anai-arrebak dira, antza. Merkatu ekonomia deituriko sistemak berriz, aberastasun eta ongizate sortzaile miragarria dirudi; kapitala eta merkatua, guztion onura bermatuko duten santu gorenak. Natura basatia dela argudiatzen dugu, eraiki dugun zibilizazioaren ankerkeria neurrigabea ahantziz. Ez gara konturatzen suntsiketari garapena deitzera ohitu garela.

Naturak, bien bitartean, beste ezer eta inor baino jakitun eta eskuzabalago, oinarrizko irakasgaiak eskaintzen dihardu etengabe zilborretik at begiratzen ahazten ari zaion gizarte itsuari. Trukean, eraso, umilazio handiagoak soilik jasotzen jarraitu arren...

Bi. Iragan ostiraleko gauerdian, nahi gabean, Puerto Rico uharteari buruzko dokumental baten zati txiki bat ikusteko parada izan nuen: Karibeko uharte honetan, zorigaiztoko sarritasuna duten urakanen gaia jorratzen zuen, «Iban» urakan indartsuaren ondorioetan zentratuz. Abiadura handiko haize boladek, hildako ugari eragin eta eraikin, etxebizitza andana guztiz birrinduta utzi zituen. Mendi guneetan eragindako kalteak ere nabariak izan ziren, baso hektarea zabalak deseginda utziz.

Txikizioaren erdian ordea, zuhaitz mota zehatz bateko kide denek zutik irautea lortu zuten: Gainontzeko zuhaitz ia denak (handi eta sendoagoak barne) erauzita amaitu zuten bitartean, aipatu zuhaitzek hosto eta adar batzuen galera bakarrik jasan zuten. Sekretua? Ez da magia, ezta zoria ere. Urte luzeetako esperientziaren ondorioz, zuhaitzok bizirauteko modu eraginkorra aurkitu dute: elkarren sustraiak batuz eta elkarlotuz joan dira, pixkanaka lur azpian aingura sendoak osatuz eta horrela haize bortitzei aurre egitea lortuz. Kasu honetan, naturako fenomenoetara ongien egokitu direnak ez dira animaliak izan, zuhaitzak baizik. Noski, zuhaitz mota guztiek ez dute auzokoen artean adostasun eta elkarlan bera lortu.

Hiru. Eredu ezin hobea iruditu zitzaidan honakoa, zatiketa eta ulertu ezina eguneroko ogi dituen euskal jendearentzat. Ez da ezer berria, urteak daramatzagu berdina errepikatzen, eskaera bera egiten data zehatzetan gugatik hainbeste arduratzen den klase politikoari. Baina betikoan gaude... edo gero eta okerrago, itxaropentsuen zirenen artean ere etsipena nagusitzen ari den heinean. Urteak zertan igaro ditugun, zenbat aukerari ihes egiten utzi diegun edota egun ere zertan dihardugun galdetu beharrean aurkitzen gara.

«Sustraiak barrenago, zuhaitza gorago», dio euskal esaera zahar batek ere. Elkarren sustraiak batzen hasteko garaia da. Guztion iraupena lortzeko, norberaren interesak alboratu eta elkar ulertzen jakin behar dugu. Begi bistakoa izan beharko luke bakarka ez dugula etorkizunik, haize bolada txikienak ere erraz menderatu ahalko gaituelako.

Denbora dagoen arren, beranduegi ez izateko marjina oso txikia da dagoeneko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo