GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Krisia ahaztuz santakrutzez gozatzeko deia, Andoainen

Arratsaldean abiatu zituzten andoaindarrek santakrutz jaiak eta igandera bitartean atsedenik hartzeko betarik ez dute izango. Gaurko egitarauan nabarmentzekoak dira goitibehera eta katerik gabeko bizikleten lasterketa. Eguraldiak laguntzen badu behintzat bata zein bestea ikusten makina bat lagun batuko dira. Jaiak etzi amaituko dira rock kontzertu indartsuarekin.

p020_f03_111x111.jpg

GARA |

«Lau egunetan, behintzat, ahaztu egin beharko dugu hitz madarikatua». Krisiaz ari da esaldi horretan Santakrutzetako Jai Batzordea, jaien egitarauarekin aurten plazaratu duten agurrean. Ez dute ahantzi nahi izan herritarren poltsikoen azken hileetako sufrikarioa, baina, aldi berean, festez gozatzeko dei berezia egin dute: «Indarrak atera eta aurrera. Ondo pasa, pasa gabe!». Igandea bitartean, aholku horri jarraitzeko primerako aukera egongo da.

Atzo hasi ziren Andoaingo jai herrikoi eta arrakastatsuok. Arratsalde partean Zumea plazan bildu ziren ekimen guztiak, txikienei zuzendutakoak, eta, jaien hasiera ofizialaren aurretik, santakrutzetako egitarauan toki berezia duen ekimen baten lehen atalaren txanda izan zen: Zumeatarra elkartearen danborrada. Hau bukatu baino lehen, ordea, festei hasiera ofiziala eman zien Errekaburu elkarteko bazkide Ramon Ansak. Haren hizketaldiaren amaierak, asko eta askorentzat, gau luzea ekarriko zuen segidan.

Gaurko iragarritako ekitaldien artean ezin da aipatu gabe utzi Goitibehera Lehiaketa ezaguna. Goiburu auzotik ziztu bizian jaitsiko dira, beste urte batez, abiaduraren zale horiek, eta, eguraldiak laguntzen badu behintzat, San Estebango bide estu eta bihurgunetsuan ikusle franko bilduko da.

Bestalde, iaz estreinakoz egin zen katerik gabeko bizikleta karrera xelebreak ere itzelezko erantzuna izan zuen eta antolatzaileek pasa den urtekoa adinako arrakasta izatea espero dute. Katerik gabeko bizikletak baliatzen dituzte lasterketan eta parte hartzaileek dantza eta kemena erabili behar izaten dute aldapa bera hartzen duten abiadura aldapa gora ahalik eta gehien mantentzeko.

Sardina dastaketa

Bihar, Koadrilen Egunean, sardina-jatea izango da, seguru asko, beste ekitaldi jendetsu bat. Iluntzeko zortzietan izango da Zumea plazan. Nahi adina sardina izango dela esan daiteke, guztira 50 kilo banatuko dituztelako, bertara biltzen diren guztien gozagarri.

Iganderako, Santa Kruz eguna, makina bat ekitaldi eta ikuskizun antolatu dituzte jaiei agurra emateko. Goizeko 10.30etan abiatuko da jaia ikurrinaren jaitsierarekin. Ordubete geroago dultzaineroak ibiliko dira, herriko taberna eta kaleak musikaz jantziko dituztela.

Aurreko egunetan nahiko edan ez dutenek, txakoli dastaketan parte hartzeko aukera izango dute goizean. Arratsaldean, berriz, Sagardo Lehiaketa egingo dute Zumea plazan.

Jaiei behar bezalako agurra emateko, berriz, rock kontzertua antolatu dute igande gauerako. Donostiako Nuevo Catecismo Catolico punk taldea arituko da. Horiekin batera joko dute rock gogorraren eremuetarantz lerratzen den Willis Drummond taldea.

Krisia alboratu eta jaiez gozatzeko gonbita egin dute, baina Jai Batzordeak badu azken mezu bat andoaindarrentzat eta egunotan jaien aitzakian herrira inguratuko diren bisitarientzat: «Gure betiko ohiturak ondo bete: ingurua eta ingurukoak ondo babestu, jaietan lanean ari direnei gauzak ez zailago jarri, bere borondatearen aurka urruti daudenak gogoan eduki, etxean ez denbora gehiegi egon, loaren ordutegiak aldatu, gurasoei eta familiakoei paga doblea eskatu...».

goitibeherak

Gaur arratsaldean izango da Goitibehera Lehiaketa ezaguna, 16.30ean hasiko da. Goiburu auzotik ziztu bizian jaitsiko dira parte hartzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo