GARA > Idatzia > Kultura > Musika

«The Pub Ibiltaria» abentura itxi du Oskorrik, 226 kantu eman ostean

Santotomasetako XIII. kontzertuan (2008ko abenduaren 20an), Bilboko Pio Baroja plazan zuzenean eta ohi bezala publikoaren parte-hartzearekin grabatu «The Pub Ibiltaria» abenturako 13. atala aurkeztu zuen atzo Oskorri taldeak. Hamahirugarrena eta azkena, taldekideen ustez, «karpetan genituen kantu zoragarriak ahitu zaizkigulako». Hamahiru lan eta berrehun eta hogeita sei kantu uzten dituzte orain, jendeak kantu parrandetan abes ditzan.

p056_f01_148x88.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

«Abentura ederra izan da jendearekin partekatu dugun hau» esan zuen atzo Natxo de Felipek Oskorriren «The Pub Ibiltaria» bildumako 13. alea aurkezterakoan. Izan ere, ez zen euskal kantutegia berreskuratzeko ere balio izan duen bildumaren lagin berri baten aurkezpen hutsa atzoko agerraldia. «Haurrak ikasazue» kantatuz abiatu zen bilduma isilarazi baitu taldeak, berrehun eta hogeita sei kanturen ostean, pentsa!

«The Pub Ibiltaria» Oskorriren abenturak bukaera ikusi du bai, hamahirugarren atalarekin: «kantutegia ahitu zaigulako», protagonisten esanetan. Karpetan gordeta zituzten kantu zoragarriak plazaratuta gustura agertu ziren De Felipe eta Latxa, «jendeak ondo harrapatu» zuelako egitasmoaren filosofia, «lehen momentutik».

Oskorrikoen ustean, «uste izan denaren kontra, ikerketa lana egin izan duten arren, ez da inportanteena izan egitasmo honetan», eta kantutegia oso ondo ezagutzen zutela uste zuten arren, «guk ere gauza asko ikasi dugu urte hauetan». Garrantzitsuena, beraien esanetan, «agitazio lana izan da, jendeari ondo pasatu eta kantatzeko aukera bat ematea».

Makina bat lagun «musika eskoletan ari dira, tresnak jotzen ikasten, eta askotan ez dakite nola gozatu tresna» beraz, «lurralde berri bat asmatzeko saiakera izan da hau» De Feliperen aburuz, kanturako «hainbeste tradizio ez dagoen herri honetan». Taldekideei gustatuko litzaieke antzeko egitasmoak ugaltzea eta pozik dira, azkenaldian han-hemenka «antzeko proposamenak sortu direlako».

Egitasmoak 13 atal eta 226 kantu utzi ditu, Elkarrek plazaratu lan bikoitzetan, ohiko diskoarekin batera jendearen parte-hartzea bultzatu eta kantuak jo eta kanta ditzan beste bat baitu erantsita, playback moldean.

Santo Tomas eguna

Bildumako emaitza zuzenean grabatu ohi du Oskorrik Bilbon Santo Tomas egunean, dagoeneko tradizio bihurtua den hitzorduan. Beraz, eta egitasmoari bukaera eman dioten arren, taldea lanean ari da, etorkizunean ere kantu parrandak jarrai dezan.

PARTE HARTZEA

Oskorriko musikarien esanetan, egitasmo honen alderdirik garrantzitsuena «agitazio lana izan da, jendeari ondo pasatu eta kantatu zein musika jotzeko aukera ematea».

Antzinako kantutegia plazara atera eta ezagutarazteko ahalegina

Ezagunak eta ezezagunak, betiko moldean edo aire berriekin, «The Pub Ibiltaria» egitasmoak 226 kantu bildu ditu.

Hamahirugarren eta azken alean, horietako hamazazpi. Oso ezagunak batzuk, «Goizean argi hastean» eta «Pasaiako plazatik» kasu. Berrikuntza gisa baina, Oskorrik Etxahun berak grabatua utzi zuen doinuan eman du lehena, eta egoki duen jota doinuan bigarrena.

Bitxia da «Tras triskilis tras, gaur dogu Gabon» kantuaren kasua ere. Egile jakinik gabeko eta XVIII. mendeko testu ezezaguna Bilboko azoka batean aurkitu baitzuten taldekideek, partitura eta guzti gainera. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo