GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | IA-ren batera-jotze nazionala

Eskubide urraketa bakoitza, euskal eskola nazionala eraikitzeko argudio

Txupetea ahoan eta irakasleari so, adi eta geldi. Indarrean diren hezkuntza sistema «arrotzek» ikasleak hala fabrikatu nahi dituztela kexu da IA. Atzo ordea, oso bestelako ikasleak izan ziren kalean, euren eskubideen jabe eginez ikasleria bera eraikitzeko hautua egin dutenak.

p015_f02_312x313.jpg

Oihana LLORENTE

Ehunka izan ziren zuzendarien mehatxuez ikaratu ez eta ikasgela atzean utzi zuten ikasleak. Indarrez eragotzi nahi dieten greba eskubideaz jabetu eta praktikan jarri zuten askok atzo.

Unibertsitatean dabiltzan ikasleak aldiz, astean berrogei orduz liburuetara kateatuko omen dituen Bologna prozesura bideratu zituzten kritikak, eta «enpresen bazka bilakatuko» diren fakultateak atzean utzi eta beraiek ere kalera atera ziren.

Institutu eta campusetan ezarriak diren segurtasun kamerei agur esan eta «Sistema arrotzen gainetik, ikasleria eraikitzea» lelopean Ikasle Abertzaleak mugimenduak deitutako batera-jotze egunean ikasle andanak parte hartu zuen. Bakoitzak bere errealitatetik, euskal eskola nazionala eraikitzeko premia nabarmendu zuten, IAk «oso positibotzat» jo duen mobilizazio egunean.

«Ikasleon eskubideak errespetatu!» eta «ez, ez, ez, Bolognari ez!» bezalako aldarriek oihartzuna izan zuten Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako herrietan barrena. Ikasle arabarrak arin ibili ziren eta astebete lehenago egin zuten euren batera-jotzea.

Gogoan izan zituzten beraiekin egon ezin duten ikasle presoak, eta gogor salatu zuten egunotan hika-mika piztu duen sententzia, EHU-UPVn ikastea debekatzen diena.

Greba eskubidearen alde, selektibitatearen kontra, kontrol soziala salatuz, euskaraz ikasteko eskubidearen alde... ugariak izan ziren manifestazioetan ikus zitezkeen borrokarako arrazoiak; ikastetxe bakoitzak berea du, eta denek aurkitu zuten tokia atzoko egunean.

«Hezkuntza esparruan asko dago iraultzeko», hala eman zuten jakitera Donostian, manifestaldia amaituta, txalapartaren soinua atzean zutela, borrokatzeko arrazoien zerrenda amaigabea irakurri zutenean.

Beltz ikusten dute ikasleek bizi duten errealitatea: Bologna, euskaraz ikasteko ezintasuna, debekuak, Poliziaren presentzia, eduki arrotzak, sexismoa... baina ikasle mugimenduak hogei urte luzetan egin duen antzera, testigua hartu, eta «jakintza iraultzeari» ekin diote.

Ume moko gisa tratatzen dituzten zuzendari eta errektoreen harridurarako gainera, helburu argia du ikasle mugimenduak: «Euskaldun kritiko, parekide eta iraultzaileak heziko dituen euskal eskola nazionala eraikitzea», alegia.

Eta atzo Bilbon 300 bat ikasle, Lekeition, Derion eta Algortan 40, Markinan 25, Durangon 130, Gernikan 100, Ezkerraldean eta Balmasedan 20, Mungian 30, Leioako Campusean 150, Leitzan 50, Lizarran 70, Iruñerrian 250, Sakanan 3o, Donostian 200, Errenterian 140, Arrasaten 100, Elgoibarren 60, Deban eta Mutrikun 40 eta Urola Kostan 100 ikasle bildu eta euskal eskola nazionalaren lehen adreiluak jarri zituzten euskal kaleetan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo