Eszenak
«In Vino Fabula», arnoaren munduan murgiltzera gonbidatzen duen lana
Idoia ERASO | BAIONA
«In Vino Fabula» lana aurkeztuko dute Koldo Ameztoy ipuin kontalariak eta Pantxix Bidart musikariak bihar Donamartirin. Arnoaren munduari hurbiltzeko era labur eta apaindua eskainiko dute ikusgarrian, ipuin, kantu eta musikaren bitartez. Bidartek bere gitarrarekin eta beste hainbat instrumenturekin Amestoyren ahotsaren tonalitateak lagunduko ditu.
«In Vino Fabula edo... Nolaz, uholde handi denboran hainbeste ur ikusi zuelako, uso batek gidaturik, Noe Ibarxolan kokatu zen, eta mahastia landaturik, arnoa egin zuen». Ipuinaren bitartez Kristoren odolaren baitan gidatzen du Ameztoyk ikuslea Bidarteren arte akustikoaren paisaian zehar.
Koldo Amestoyk berak sortutako idatzia helaraziko dio ikusgarrian ikuslegoari. Ondoan Pantxix Bidartek Euskal Herriko zein atzerriko kanta eta poemak tartekatuko ditu kontakizunean zehar. Besteak beste Pierre Dibarrartek asmatu «Aitak eman zerautan», Bitoriano Gandiagaren «Aita naiz» edo Georges Brassensek sortu «Dans l'eau de la claire fontaine» kantuak interpretatuko ditu.
Poema eta abesti zahar eta ezagunen artean Pantxix Bidartek berak sortu eta musikatu «Metronom Blues, Mahastizainarena», «Vinum bonum... Arabik song» eta «Mama gozoaren balada» kantuak deskubritzeko aukera eskainiko da. «Nolaz Jesu Kristo eta ezteiliarrek, Rabelais eta Gargantuak arnoa gozatu zuten, Sancho Panza, erretorea eta bere medikuak ere, beste hainbestek bezala. Eta behin etorri zela Johan eslovakiarra bere arnoaren sekretua salatzera», hori da «In Vino Fabula»ren poesia.
Eltzarruze egunak
Sorkuntza Eltzarruze egunen karietara aurkeztua izanen da, eta ekitaldi gehiago antolatu dira agerraldiarekin batera. «Eta Ibarxolako inguruek Eltzarruzeren malda iduri balute? Bere mahastiak aspalditik ematen duen arno kementsu eta zintzoarekin?» zabaltzen du Koldo Ameztoyk. Oren batez arnoaren munduaren inguruan amesteko parada eskainiz gero salda beltza eta zuria dastatzeko aukera ere emanen da, gaznarekin lagundua.
Biharamunean ohitura den legez Eltzarruze egunaren baitan mendigunean zehar ibilaldia ere eskainiko da Hazparneko Joaldunak taldearen eta txalapartarien laguntzarekin. Ibilaldia hitzez ere janzteko Eztitxu, Txomin eta Ugo bertsolari gazteak arituko dira bertsotan.
Arberoako mendigunea babesteko sortu zen elkartea eta egun hauek sorkuntzen abiapuntu ere bilakatu dira.