Eszenak
Jose Maria Pouk zuzendu eta antzeztutako «Los chicos de la historia» Arriagara heldu da
Hezkuntzaren balioari eta zentsurari buruzko komedia Arriaga antzokian antzeztuko da gaur eta bihar. Emanaldiak 20.00etan izango dira eta sarrerak 10 eta 22 euro bitartean jarri dira salgai.
GARA | BILBO
Jose Maria Pou zuzendari eta aktore ezagunaren azken lana «Los chicos de la historia» antzezlana, Bilboko Arriaga antzokiko oholtza gainean antzeztuko da gaur, eta bertan izango da bihar ere. Alan Benetten antzerki-testuan oinarrituriko lana zuzentzeaz gain, protagonista nagusia ere Pou bera izango da.
Muntaia katalanez estreinatu zen Bartzelonako Goya antzokian, 2008ko urriaren 3an. Bilbon berriz, gaztelaniaz antzeztuko dute Arriaga Antzokian. Obra «History boys» ingelesezko izenarekin estreinatu zen 2004an Londresko Antzoki Nazionalean, Nicholas Hytnerren zuzendaritzapean. Urte horretan, hiru Olivier sari lortu zituen, eta Broadwayn sei Tony sari.
Hezkuntzaren balioari eta zentzuari buruzko komedia dugu «Los chicos de la historia». 1980ko hamarkadako eskola ingeles batean gertatzen da istorioa, gazte talde bat Oxford eta Cambridge unibertsitateetan sartzeko prestatzen ari denean. Joan Sellent arduratu da jatorrizko testua itzultzeaz eta antzokietara Focus konpainiaren produkzioarekin heldu da.
Bilbon aurkeztuko den komedia honetan 12 aktore arituko dira agertokian. Alde batetik, zortzi ikasle izango dira. Bestetik, lau irakasle, zuzendaria buru dutela. Haien artean, hezkuntzaren eta irakaskuntzaren inguruko bertsio oso ezberdinak dituzten bi irakasle daude.
Bestalde, atzo iragarri zutenez, datorren astelehenean, maiatzaren 4an, jarriko dira salgai «Mamma mia!» musikala ikusteko sarrerak. Abba taldearen kantuetan oinarritua, ikuskizuna abuztuaren 6tik irailaren 6ra antzeztuko dute Bilbon.
Sarrerak antzokiko leihatilan eta ohiko lekuetan eskura daitezke, 12 eta 55 euro bitartean.