Aipagarriak
Haur eta gazteentzat abentura eta fantasiaz beteriko zazpi liburu aurkeztu ditu Erein-ek
Irakurtzen hasten direnetik DBH mailarainoko haur eta gazteentzat zazpi liburu argitaratu ditu Erein-ek. Ipuinak, piraten abenturak edo 8-10 urte dituztenei zuzendutako antzerkia daude tartean.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Etxeko txiki eta gazteenek ez dute aitzakiarik ez irakurtzeko. Erein argitaletxeak adin guztietarako liburuak aurkeztu zituen atzo. Sei urtetik aurrerakoentzat «Sasi guztien gainetik» sailean kokatzen dira horietako bi. Jose Inazio Basterretxeak haurrei zuzendutako bere lehenengo lana aurkeztu zuen: «Ilargi amandrearekin, ikimilikiliklik». Animaliak dira protagonista nagusiak eta magiaren ideia landu du idazleak. «Giza eta gizarte balioak lantzen saiatu naiz: ezberdinen artean egotearen balioa, proiektu komun bat eraikitzearena, mundua ezagutzearena...», azaldu zuen Basterretxeak. Sail berean, «Ni naizen guztia» idatzi du Arrate Egañak. Bertan goizean ohetik altxatu eta gauean lotaratzen den bitartean umeak egiten dituen gauzen kronikatxo bat egin du.
Jabier Muguruzak 7-9 urte bitartekoentzat idatzi du «Jon eta zaldiak» istorioa. Aitarekin bizi eta zaldi haztegi batean aritzen dira bertako pertsonaiak. Alaitz Olaizolak, berriz, 8-10 urte bitartekoei zuzendutako antzerki dibertigarri bat idatzi du: «Torrepeko zaldunak». Bere esanetan, «eskaera handia dago eskoletan eta eskertzen dute halako istorioak idaztea».
Xabier Mendigurenek aurtengo Lizardi saria eman dion «Egun bat Petre Romanescuren bizitzan» lana aurkeztu zuen. Euskal Herrian jaio baina familia errumaniarra duen haur batek bere egunerokoa bideoan grabatuko du bertan. Aurkeztu zen liburuetako bat itzulpena dugu. Georgia Byng-en «Molly Moonek mundua geldiarazten du» itzuli du Jesus Mari Lasak. Molly Moon pertsonaiaren bigarren liburua da. Bukatzeko, Jon Eugik bere lehenengo liburua aurkeztu zuen: «Piraten uhartea» abenturazko liburua. Protagonista modura pirata euskaldunak izango ditu, XVII. mendean kokatutako istorioak.