GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Joan Maria Uriarte Donostiako gotzaina

Sormen handiko gizona eta besteei emana

Egunen batean Elizak don Jose Maria santu aitortzen badu, egon seguru ez dela izango akatsik gabeko gizona izan zelako, ezta haren lanaren arrakastagatik ere, bere jardun horretan jarri zuen jainkozko maitasunagatik baizik

Denek dakite Jose Maria Arizmendiarrieta jauna, Donostiako elizbarrutiko apaiza, gure herrian eta haratago izugarrizko zabalkundea izan duen Mondragon Kooperatiba Taldearen sortzailea dela. Gutxik dakite, hil eta 30 urtera, 2006. urtean, haren kanonizazio-prozesua bideratzeko elizbarrutiko epea ireki zuela Donostiako gotzainak. Datorren maiatzaren 6an prozesu honen amaierako ospakizun ospetsua izango da Artzain Onaren gotzain-eliza edo katedralean. Eliz arduradun gorenei dagokie orain, paregabeko gizon honen ebanjeliozko bertuteak zehatz azterturik, beraren kristau-neurria egunen batean aitortzera iristea, eta berak eskuzabaltasunez kristau-elkartearen eta gizartearen zerbitzuan Jesu Kristori emandako bizitza eredutzat proposatzea. Hori nahi genuke eta hori espero dugu uste osoz.

Apaizgaitegian egindako urteetatik oso gizon jainkozalea izan zen, eta apostolutzari emana; sentiberatasun handia erakutsi zuen arazo sozialetarako eta aparteko hurbiltasuna kristau-pentsamendu sozialeko arazoetarako. Lan-arloan Elizaren Doktrina Sozialaren printzipioak eta irizpideak txertatzea, hori izan zen bere irrika nagusia bizitza osoan, 1940tik hil arte Arrasateko parrokian apaiz laguntzaile zela. Predikuari, Eukaristiaren ospakizunari, aitortzak entzuteari, gaixoak zaintzeari edota gazteei arreta pertsonala eskaintzeari emanik bere apaiz-lanean ari zen bitartean, beste zerbait sortu nahian ere bazebilen: Arrasateko herriak, nola bertako herritarrek hala etorkinek, gerra zibilaren ondorengo urte zail haietan hain beharrezko zituzten gizarte-zerbitzuak sortu beharra ikusten zuen. Horrela, Lanbide Eskola zabaldu zuen, gaur egungo Mondragon Unibertsitatearen ernamuina izan zena. Miresgarri moldatzen joan zen lankide-talde baten kristau fede eta konpromisoa, eta, haien laguntza bikainari esker, 103 etxebizitza berriren eraikuntza bultzatu zuen. Gero eta ingurune zabalagoetan ekoizpen-kooperatiba sorta zabal bat eragin zuen. Sortzen ari ziren enpresen finantza-premiei diruz lagundu ahal izateko Euskadiko Kutxa edo Caja Laboral deritzona eratu zuen, kooperatiba izaera zainduz. Azkenik, Arrasateko Ospitalea eraiki zuen. Hantxe itzali ziren, hain zuzen, bere bizitzako azken egunak 1976an, 61 urte zituela. Aspergabe lanean jardun izanak, eta bizitzako kezkek eta gaizki ulertuek hondatu egin zioten bihotzaren osasuna.

Egunen batean Elizak gizon hau santu aitortzen badu -eta hori da gure nahia-, fededunok, nolabait esateko, ezohiko santu bat izango dugu. Emakume eta gizon apartak aitortu izan ditu Elizak, kristau-elkartearen giro ebanjelikoa berotu duten espirituzko mugimendu eta elkarteak sortu dituztelako. Don Jose Maria Gasteizko Apaizgaitegiko heziera-giroko sustraietan errotua zegoen. «Soil-soilik apaiz, beti apaiz, gauza guztietan apaiz» zioen orduko goiburua izan zuen bide-erakusle; bere denborako beste apaiz handi batzuk bezala, goiburu horren argira bizi izan zen; eta bere egintza sozial osoa ez zen harentzat asmo horren aurka aritzea izan; alderantziz baizik, goiburu hura leialki gauzatzeko era izan zen, bidezkoa (eta garai hartan beharrezkoa) zen era. Kolektibismo komunistak eta kapitalismo gordinak lan-esparruan sortzen zituzten egiturek eta harremanek oso zuzentasun eta gizalege eskasa erakusten zuten urte haietan, Elizaren pentsamendu sozialaren ikuspegiak berekin zuen emankortasuna erakutsi zuen haren ekintzak. Eliza sinetsita dago, gaurko egoeran ere, nahiz eta oso desberdina izan, guztiz gizalegezko egin daitezkeela egungo lan-egiturak eta harremanak, baldin eta Ebanjelioan inspiraturik eta batzuen eta besteen esperientzia bateraturik orduko printzipio eta irizpide sozial haiek berberak eraberritu eta erabiliko balira. Horregatik, guztiz gaurkoa dugu, ezohikoa izanik ere, Ebanjelio-sena handiko gizon hau. Beharrezkoa da, don Jose Mariak bere garaian egin zuen «itzulketa» eta jarduera hura, motibatutako eta prestatutako laikoek egitea, oraingo aldiok eskatzen duten eran. Espiritu Santuak sor ditzala horrelako bokazioak. Beti dira beharrezko, baina gaur areago nabari dugu horien beharra, jasaten ari garen krisi ekonomiko hau dela eta.

Urrutitik erraz jotzen dugu santuak mito bihurtzera, bekaturik gabeak balira bezala. Gertutik ezagutu dituztenak ondo asko jabetzen dira, ez direla akatsik gabeak izan. Izan dituzte beren akatsak, beren izaeraren menpeko izan dira, okerrak egin dituzte, gatazketan esku hartu dute. Ez dute beren bizitzan utzi erreaktoreek zeruan egin ohi duten bezalako arrasto zuzena; alderantziz, gora egin ezinik behin eta berriz hegaldatzen saiatzen den hegazti zaurituaren antza du horien ibilerak. «Izan zaitezte akatsik gabeak, zeruko zuen Aita akatsik gabea den bezala» dioen San Mateoren esaldi honen egiazko itzulpena San Lukasek ematen digu esanez: «Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala». Benetan funtsezkoa Jainkoarekiko eta besteekiko maitasuna da. Maitasun hori -don Jose Mariak egin zuen bezala- behartsuengana, sufritzen ari direnengana, bekatariengana itzultzen denean, erruki bihurtzen da.

Ez nuen don Jose Maria pertsonalki ezagutzeko zortea izan; bai, ordea, haren lankiderik estuenetako batzuekin lagunartean bezala aritzeko poza. Baina, ziur asko, hurbiletik ezagutu zutenek gizon handi batekin topo egin zuten, hala izan baitzen, eta baita «gizagaixo» batekin ere, hori baikara gizaki guztiok mundu honetan. Jainkoa da gure «ezpal» bereko pertsonak santutzen dituena. Bera da «indarrik gabea indartsu egiten duena, eta ahuleziak jota dagoena testigu bihurtzen duena». Hala aldarrikatzen dugu Eukaristi Otoitzaren Prefazioetako batean.

Egunen batean Elizak don Jose Maria santu aitortzen badu, egon seguru ez dela izango akatsik gabeko gizona izan zelako, ezta haren lanaren arrakastagatik ere, bere jardun horretan jarri zuen jainkozko maitasunagatik baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo