GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

EL DIARIO VASCO Jesus Mari Mendizabal 2009/4/28

Figuriñek!

Gu gazte ginela, bi kate ziren telebistan. Arratsaldean eta gauean telebistari begira, begi argiekin begira, orduak ematen genituen etxeko salan senideok. Aita, siestatik jaikita edo lagunartetik bueltan, maiz etortzen zitzaigun salara bisitan hizketara. Ez genion kasurik egiten. Eta telebistari lehendabizi eta guri gero begira-begira: «Ba! Figuriñek...!» esaten zuen. (...) Adierazi nahi zigun, alegia, telebistako notiziak, pelikulak, marrazki bizidunak eta abar guztiak ere faltsuak zirela, ez benetakoak; eta, jakina, zeharo engainatuta bizi ginela kristal txoro gezurrezko hari begira. Txit higuin handia zuen telebista. Ahuntza larrean bezain aspertuta egon behar genuela gu, uste zuen, bizitza egiazkotik at. Guk, berriz, begi-begikoa genuen programazio guztia, eta barre egiten genion aita antigoalekoaren ateraldiari: «Figuriñek!». Bera zegoen hura, gure ustez, zeharo okerrean eta inorantzian; eta guk geneukan guk suertea, telebistarekin bizi guztian atseginetan gozatuko ginelakoan.

Ailegatu naiz gure aita zenak orduan zuen adinera. Telebistan baditugu berrogeitaka kate aukeran. Orduak ematen ditugu familian kristal koloreetakoari lela-lela begira. Telebista komedia negargarria bilakatu zaigu. Aspertu gara eta nazkatu. Lepo-zintzurreraino aseak gaude dagoeneko, aseak eta gogaituak. Figuriñak dira, koanto! Ez nuen nik asko pentsatzen, gazte nintzenean, iritzi honetara iritsiko nintzenik. Ez, alafede. Baina pentsaezina gertatzen denean agertzen da zer pentsatua ematen duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo