Itziar Mendizabal, Lucia Lacarra eta Gene Yurre, Dantza Sarien ekitaldi hunkigarriko protagonista
Dantza Sariak izeneko ekitaldiaren zazpigarren aldian Itziar Mendizabalek Errebelazio Saria jaso zuen, Lucia Lacarrak Ibilbide Artistikoarena eta hil osteko titulu gisa, Dedikazio Saria Gene Yurrerentzat izan zen.Odeia AIESTARAN | DONOSTIA
Donostiako alde zaharrean dagoen Antzoki Zaharrak, jendez lepo, zazpigarrenez jaso zuen atzo Dantza Sarien ekitaldia. Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak, Itziar Mendizabalen, Lucia Lacarraren eta orain gutxi hil den Gene Yurreren lana saritu nahi izan zuen.
Leipzigeko Balleteko dantzari nagusi Mendizabalek Errebelazio Saria jaso zuen, azken urteetako ibilbideagatik. Izan ere, «Ballettanz» aldizkariak 2007/2008 denboraldiko Errebelazio Dantzari izendatzeaz gain, aurtengo «Benois de la Danse» sarirako izendatua izan da. Oroigarria jasotzean, familia izan zuen gogoan Mendizabalek, «kilometroek ez dutelako distantziarik jarri gure artean», eta, hunkituta, eskerrak eman zizkien «beti etxera etorri naizenean hankak lurrean izaten laguntzeagatik».
Lacarrak, Municheko Operako Balleteko dantzari nagusiak, Ibilbide Artistikoaren Saria jaso zuen, duela 20 urtetik, Mentxu Medelen estudiotik atera zenetik gaur egunera arteko lanaren aitorpen gisa. Lacarrak ere familia oroitu zuen: «Nor naizen eta nondik natorren ez ahazten erakutsi didatelako». Bereziki Medeli eman zizkion eskerrak, «ibilbide guztia posible egin duelako».
Ekitaldiko une hunkigarriena Mari Carmen Arrospidek, Gene Yurreren alargunak, Dedikazio Saria jaso zuenekoa izan zen. Kresala dantza taldeko sortzailea, Yurre pertsona maitatua izan zela adierazi zuen Arrospidek. «Dantzak maisu bat galdu du eta nik gizon handi bat», amaitu zuen.
Dantzaren hilabeteko ospakizunen barnean, Dantzaren Nazioarteko Egunaren XIII. Gala izango da gaur Victoria Eugenian, 19.30etik aurrera.