GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Judimendiko Gazte Asanbladak hutsik zegoen etxea okupatu du

Judimendiko Gazte Asanbladako hamarka gaztek Gasteizko Judimendi etorbideko 44. zenbakian hutsik zegoen etxebizitza okupatu zuten atzo. Ertzaintzak bertara gerturatu eta lau gazte identifikatu bazituen ere, aterarazteko agindurik ez zutela-eta, jabearen erabakiaren zain geratu ziren. Honek ez zuen salaketarik jarri.

Zuriñe ETXEBERRIA | GASTEIZ

Goizeko hamarrak zirela, hamarka gazte gerturatu ziren atzo Gasteizko Judimendi etorbideko 44. zenbakira. Bertan aspalditik hutsik zegoen etxebizitza okupatu zuten. Sei bat lagun etxean sartu eta «okupazioaz eta autogestioaz auzoa berpiztu» aldarrikatzen zuen pankarta eskegi zuten etxeko teilatuan.

Kanpoaldean, hamarka gaztek etxean zeudenei «aupa gazteok!» eta «gaztetxea aurrera» oihukatuz animoak helarazten zizkieten. Judimendiko Gazte Asanbladak, azken hilabeteetan, okupazioaren inguruan egindako kanpainaren ostean, atzo, iritsi zen egun handia.

Judimendi auzoko «gaztetxe berrian» sartu eta 30 minutura heldu ziren lehenengo trabak. Ertzaintzaren patruila bat eta kalez jantzitako sei bat polizia Judimendi etorbideko 44. zenbakira gerturatu zirenean.

Polizia autoak bi minutuz etxe azpian egon ondoren, aurrera egin zuen, eta bidean hiru gazte identifikatu zituen Ertzaintzak. Aldi berean, kalez jantzitako poliziek etxearen kanpoaldean zeuden gazteak inguratu eta horietako bat identifikatu zuten.

Baina «husteko» agindurik ez zutela-eta, etxebizitzaren jabearen erabakiaren zain geratuko zirela esan eta gero, bertatik alde egin zuten.

Etxean sartu eta berehala, jabearekin harremanetan jarri ziren gazteak. Honek nahiko jarrera «positiboaz», oraingoz, beraien aurkako salaketarik ez duela jarriko esan zien, eta hortaz, ez dute uste handik berehalakoan behintzat kanporatuko dituztenik.

Gaztetxeko ateak irekika

Azken hilabeteetan, Judimendiko Gazte Asanbladak aldarrikatu duenez, auzoko gazteentzat eta gazte mugimenduarentzat gazte lokala «ezinbesteko bihurtu da».

«Instituzioen berezko ukapenaz gain, azken razzia polizialen ondoriozko gune libreen ixteak direla-eta, Zaramazulo eta Gasteiz Izan kasu, areagotu den egoeragatik» gazteentzako gune bat beharrezkoa dela argitu zuten atzo.

Hortaz, jakinarazi zutenez, okupatutako gaztetxeko ateak «zabalik» izango dituzte, bai gazte asanbladak bai bestelako gizarte eredu baten eraikuntzan buru-belarri dabiltzan talde eta pertsonek. Bai eta autogestioaren bitartez antolatu eta aisialdi eta kultura askeaz, «auzoa eta gazteria berpiztu nahi duen orok» ere.

Judimendiko etxebizitza hori denbora luzez egon da hutsik, eta sartutakoan aurkitu zuten egoera «negargarria» zela adierazi zuten gazteek. Horrenbestez, lehendabiziko lanetako bat etxea eraberritzea eta txukun jartzea izango dute.

Gainera, datozen egunetan izan daitekeen edozein kanporatze saiakeraren aurrean, Judimendiko Gazte Asanbladak «gogor eta tinko» erantzungo duela iragarri zuen.

Gazte Asanbladen olinpiadak

Judimendi auzoan gaztetxe berri bat lehen pausoak ematen ari zen aldi berean, Gasteizko Gaztetxearen 21. urteurrena ospatzeko eguna zen atzokoa ere. Hiru astez ospatuko dute «muinoko etxearen» 21. urtemuga. Atzo Gasteizko Gazte Asanbladen olinpiaden txanda izan zen.

Arratsaldeko bostak inguruan hasi ziren olinpiadak, eta proba ezberdinak antolatu zituzten hainbat lekutan. Proba horiek Alde Zaharreko gaztetxean hasi eta Judimendiko gaztetxean bukatu ziren. Barre algara ugari izan zen parte hartu zuten gazteen artean eta kaleko jendearen ikusmina era piztu zuten.

Judimendiko gaztetxera heldu zirenerako, prest zegoen bertako asanbladak antolaturiko txokolate-jatea. Olinpiadetan parte hartu zuten gazteek indarra berreskuratu beharra zuten, etortzekoa zen gauari heltzeko.

Gau partean, Elektrotxarangaren eskutik gorputza astintzeko aukera izan zuten gazteek luzaroan amets izandako gaztetxea egia bihurtu izana ospatzeko.

Gaurtik aurrera, etxe okupatu horren eraikuntza denon konpromisoa izango da. Bitartean, «borrokan, eta Euskal Herriko gazteria zapaltzen dutenen aurrean, bestelako mundu bat defendatzen» jarraituko du Judimendiko Gazte Asanbladak.

lau identifikatu

Ertzaintzaren patruila bat eta kalez jantzitako sei bat poliziak lau gazte identifikatu zituzten. Hala ere, kanporatzeko agindurik ez zutenez, etxebizitzaren jabearen erabakiaren zain geratuko zirela esan, eta alde egin zuten.

salaketarik ez

Okupatutako etxearen jabearekin hitz egin zuen Judimendiko Gazte Asanbladak. Jarrera «positiboaz» hartu zituen gazteak eta, oraingoz, ez du beraien kontrako salaketarik jarriko; hortaz, ez dute kanporatzerik espero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo