GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Gipuzkoa Encounter

Ordenagailu mahaiak jantoki, logela eta egongela bilakatu dituzte informatika zaleek

Gipuzkoa Encounter bilkurak gaur itxiko ditu ateak, hiru egunez Tolosako Usabal kiroldegia informatika zaleen bilgune, jantoki, logela eta jolastoki bilakatu ostean. lehiaketak, jolasak, hitzaldiak... Denetarik izan da aukeran. Jorratu dituzten gaien artean sare sozial berrien fenomenoa. Informatikarien artean denetariko iritziak daude, baina, oro har, «ikuspegi kritikoa» alboratu gabe erabiltzeko gomendatzen dute.

p020_f04.jpg

Maider EIZMENDI

Eguerdi partean asko oraindik ere nagia kendu ezinik zebilen. Gaua luzea izan zen Tolosako Usabal kiroldegian asteburu osoan batu diren ehunka informatika zalerentzat, eta askok berehala jaikitzeko egin zuten lozakuetarainoko bidea goizaldean. Eguneko lehen ordu hauek, indarrak hartzeko eta erosketak egiteko baliatu zituzten tartean batzuek.

Beren saltsan zeuden parte hartzaileak, lagunez inguratuta, beren afizioaz gozatzen, etxean bezala... Bai, bainujantziak, toallak, aulki erosoak, etxeko zapatilak eta jan eta edatekoak aurki zitezkeen ordenagailu artean han eta hemen.

Era guztietako erosotasunez inguratuta topatu dugu Arrigorriagako Iban Merino gaztea. 19 urteko programatzaile honek afizioa ofizio bilakatu du, eta aisialdian, berriz, ofizioa afizio. Bost laguneko taldean etorri da aurten Tolosara. Encounterrera etortzen den bigarren aldia du. Xarma berezia du beretzat Gipuzkoako bilkura honek. «Barakaldokoa -Euskal Encounter- oso handia da eta ingurukoekin besterik ez zara erlazionatzen; hemen jende gehiago ezagutzeko aukera dago».

Badu eskarmentua gisa honetako ekimenetan, iaz Tolosakoan eta Barakaldokoan ez ezik, Castellon, Bartzelonan eta Zaragozan ere egon baitzen. Guztietara eramaten du askok etxeko egongelan duten telebista baino handiagoa den pantaila. Bi autotan bertaratu omen dira bost lagunak eta komeria ederrak ibili dituzte nahi zuten trasteria guztia ekartzeko.

Egunotan zer moduz jan eta lo egiten duten galdetuta, barretxoa egiten du. «Egia esan, janik ez zaigu falta, baina eserita eta ezertxo ere egin gabe, ez pentsa, gose handirik ere ez dugu izaten», azaldu zuen.

«Astelehenean komeriak»

Nahikoa lan egina zuela pentsatuta, Javier Ciriaco bilbotarra ordenagailuaren pantailan moto lasterketa ari zen ikusten eguerdian eta honek ere xehetasunik galtzeko arriskurik ez zuen, ez behintzat pantaila txikiaren aitzakian.

Bat egin zuen honek ere Merinorekin eta Gipuzkoa Encounterren xarma goraipatu zuen: «Hemen ez da jende gehiegi biltzen, eta batzuekin eta besteekin hitz egiteko eta erlazionatzeko aukera handiagoa dago». Gaua ia goizera arte luzatu zuenetakoa zen Ciriaco. Bostak arte ordenagailuaren aurrean egona zen eta hamarrak alderako berriz ere eseria zen bertan. «Astelehenean lanera joan behar dut eta orduan izango dira komeriak», onartu zuen. Hala ere, itxiera baino lehen etxeratzeko inolako asmorik ez zuen agertu.

Bi ilara aurrerago zegoen Lorena Asensio bilbotarra. Oraindik ere gutxiago dira horrelako ekimenetan emakumeak, «baina gero eta gehiago». Jokoetan ari zen Asensio eguerdian, eta, izatez, helburu horrekin hurbildu da Tolosara. «Ez da nire helburua artxiboak saretik jaistea, normalean bakarrik jolasten dut eta bilkura hauei taldean jolasteko ateratzen diet probetxua». Tetris jokoan bezalatsu, trasteak eta pertsonak kotxean sartzeko itzelezko lanak izan dituztela onartu zuen, «baina moldatu gara, beti egiten dugun moduan». Hiru egunekin nahikoa ez, eta, gainera, ostegun arratsaldean iritsi ziren Tolosara, bilkura bera oraindik ere zabaltzeko zegoela.

Ordenagailuen bueltan ez ezik, bestelako ekintzak egiteko ere denbora hartzen dute parte hartzaileek. Aurten kiroldegian bertan dauden jacuzzi eta spa ibilaldia dira inondik ere arrakasta handiena izaten ari direnak. Atzo goizean bertan, batzuk ikusi genituen bainujantzia eta toalla hartu eta martxa egiten. Baina horretaz gain, arratsalderako futbito txapelketatxo bat ere antolatu zuten, «ordenagailuz ez, betiko moduan».

Sare sozialak hizpide

Joko eta lehiaketez gain, antolakuntzak hitzaldi sorta ere antolatu du, besteren artean, sare sozialen fenomenoan sakontzeko. Unai Martinezi egokitu zitzaion hizketaldia eskaintzea eta GARAri azaldu zion moduan, jendearen komunikatzeko ohituren aldaketan sakontzea zen helburua, besteren artean.

Sare sozial hauen gainean sortutako eztabaidaren inguruan iritzi argia du Martinezek: «Nire ustez, abantailak baino desabantaila gehiago dituzte». Hala ere, honakoa nabarmendu du: «Ezin dira besterik gabe ezabatu, komunikatzeko tresnak diren heinean, baina horiekiko jarrerak kritikoa izan behar du, hausnartua». Izan ere, azaldu zuenez, jende asko ez da jabetzen berak eskaintzen duen informaziora heltzea ez dela zaila eta horrekin kontu handia izan behar dela. «Gaur egun zenbaitek sarean jartzen dute noiz eta non egongo diren halako egunean, eta hori ez da ona». Atzean, bere esanetan, ezjakintasuna dago, «guretzat oso fenomeno berria da eta oraindik ere asko dugu ikasteko».

Gaur, arratsaldeko zazpietan, itxiko ditu ateak aurtengo Gipuzkoa Encounter jaiak, eta, hirugarrenez, arrakasta itzela besapean hartuta itzuliko dira etxera antolatzaileak.

Azken hilabetean buru-belarri aritu da Sabino San Vicente guztia prestatzen, eta, atzo, ekimena amaitzeko oraindik ere egun bete falta bazen ere, gustura agertu zen jaiaren joanarekin. Orain dela hiru urte hasi ziren gisa honetako bilkurak egiten Tolosan, eta jada prestakuntza lanei tamaina hartu diela azaldu du. Jendearen parte hartzearen inguruan, berriz, askorentzat zita jakin bilakatu da Gipuzkoa Encounter, eta nahi zuten guztientzako lekurik ez dute izan: «Zerrenda itxi eta 150 lagun itxarote-zerrendan geratu dira», azaldu zuen. Aurtengo lezioak balioko die seguru aski hurrengoan nagiak azkar ateratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo