Berezkoen Binakako Finala
Ibarrolak eta Ozafrainek errepikatzea lortu dute
Nafarroa Behereko bikoa hobea izan zen, eta amaieran ongi merezita eutsi zieten txapelei.
Jon LEUNDA | BAIONA
Berezkoen Binakako Txapelketako txapelak leku berean jarraituko du, atzo ere egungo txapeldunek jantzi baitzuten, Ibarrolak eta Ozafrainek, alegia.
Nafarroa Behereko bikoa iazko lehiaketan bezalatsu aritu da aurten ere. Hasiera ez zuten oso ona izan, baina hortik aurrera hobetuz joan dira, eta sasoi betean amaitu dute txapelketa. Iaz bezalaxe, atzokoa irabazteko ere ez ziren faborito, baina iragan urtean bezala aurten ere txapela buruan dutela amaitu dute.
Finalak maiz ez dira ikusgarriak izaten, baina atzokoan polita izan zen, bi bikoek maila ona eman baitzuten. Oreka izan zen nagusi lehen kintzeetan, baina gero txapeldunek 7-0ko partziala lortu zuten, eta markagailuan 20-13koa jarri zuten. Hortxe lortu zuten lehen aldetxoa, baina une horretan Nafarroa Beherekoak erabat ari ziren agintzen, eta garbi utzi zuten atzo beraiei txapela kentzea oso zaila izango zela.
Horren ostean, 10-7ko beste partzial bat sartu zuten, eta 30-20 erakusten zuen markagailuak. ordurako dirua ere itzulia emanda zegoen, eta garbi samar zegoela zirudien nork irabaziko zuen.
Baina amaitu arte ezin da inoiz ezer esan, eta Sorhuetek eta Etxetok ia berdindu egin zuten, kintze batera hurbiltzea lortu zuten, 31-30. Artean asko geratzen zen jokoa amaitzeko, eta edozer gerta zitekeen, baina Sorhuetek eta Etxetok ordura arte markagailua berdintzeko egindako lana ordaintzea egokitu zitzaien, eta ezin izan zioten partidari buelta eman. Ibarrola eta Ozafrain berriro ere esnatu egin ziren, eta zuzenean txapelaren bila joan ziren. Amaieran txapelaren jabe izatea lortu zuten iazkoek, eta ongi merezita gainera, atzokoan hobeto aritu baitziren. Ibarrolak lan bikaina egin zuen, eta atzean Ozafrainek ere bai. Sorhuet eta Etxeto ere ez ziren gaizki aritu, baina atzokoan gutxiago izan ziren.