Mikel Aramendi Kazetaria
Bai berezia epaitegi hori
Hara korapilo bikaina, beraz, orain: hamaika aldaketa eta itzulingururen ondoren, eginkizuna bai, baina hura egiteko ez modurik ez biderik ez duen Epaitegi Berezi baten arduradun bihurtuta aurkitzen da NBE
Hedabide gehienetan albiste emate hutsean geratu da, motz eta lehor. Baten bat, protagonistetakoren bat elkarrizketatzera iritsi da... eta hortik aurrera, akabo! Zer esanik ez balego bezala. Benetako zeresana, zinez, hortik aurrera legokeenean.
Hillary Clintonek Beirutera eginiko bisitaldia amaitu eta ordu gutxitara izan zen albistea argitaratua, iragan asteazkenean: Nazio Batuen Erakundeak Libanorako antolatutako Epaitegi Bereziak libre utzi behar zituen, inolako akusaziorik gabe, Rafik Hariri lehen ministro ohiaren hilketagatik atxilotuta launa urte zeramaten lau jeneralak. Haien aurka ez omen dago ez datu ez aztarna sinesgarririk... Ebazpen horrek Libanon hil honen 29an egingo diren hauteskundeetan izan lezakeen eraginaz edota Etxe Zuriak Siriarekin berregin nahiko lukeen adiskidantzaz egiten zuten galde batzuek, albistearen harian. Erantzunik aurreratu gabe, noski.
Pasadizoa probabilitate legearen egiatasuna berrestera datorrela esan liteke lehenik. Libanon goi ardura politikoak edukitzeari estuki atxikitzen baitzaio bortxaz, bonbatzar baten eztandaz gehienetan, hiltzeko posibilitatea, estatistikoki. Halakoetan, bestalde, hiltzaileen nortasuna juridikoki ez ezik, politikoki ere inoiz ez argitzea da probableena, aurrekariek diotenez. Azken hamarkadetako kasuen zerrenda gainbegiratu besterik ez dago. «Hariri kasua» delako honek zalaparta berezirik ez sortzea ulergarria ere balitzateke, beraz...
Baina bere garaian kasuak harrotu zituen hautsak gogoratzen baditugu, gauzak oso bestela hausnartzen dira. Oroit: 2005eko martxoaren 14an, Hariri hil orduko ari ziren Mendebaldeko agintari nagusiak esaka erantzukizuna siriar agintariena zela. Zalantzati agertzen bazinen, zeharka begiratzen zizuten, gainera. Bitartean, Libanon bertan Zedroen Iraultza deitua gartzen zen. Haren ondorioz, urte hartako apirilean bertan etxeratu zen siriar Armada, Libanon mende laurdena eman ondoren. Eta urte eta erdi geroago etorriko zen 2006ko udako eraso israeldarra, hain zoritxarrekoa Tel Aviveko agintarientzat... baita, agian, Libanon indar-harremanak bortxaz aldarazteko ahaleginetan zebiltzanentzat ere.
Ordurako, NBE ere nahastuta zegoen Haririren hilketaren argiketan (?), potentzia mendebaldarren presioz. Eginkizun horretarako aukeratu zuten D. Mehlis fiskal alemaniar bitxiaren «lorpena» izan zen lau jeneral libanoar -siriazaleak usu, noski- atxilotzea, «ezkutuko iturriek» helarazten zizkioten informazio eta aztarnen arabera, haiek omen zirelako hilketaren antolatzaileak. Laster ikusi ahal izan zen, haatik, delako «iturriak» tunante hutsak zirela, eta Mehlis bera ere ez zela oso aintzakotzat hartzekoa, epaile inpartzial eta zuzen legez behintzat. Anartean hilketaren oinarrizko egitate eta datuak ere ez zeudela batere garbi esan daiteke. Eta komerian aurrerago ez joatea erabaki bide dute azkenean D. Fransen epaileak eta Bellamare fiskalak.
Hara korapilo bikaina, beraz, orain: hamaika aldaketa eta itzulingururen ondoren, eginkizuna bai, baina hura egiteko ez modurik ez biderik ez duen Epaitegi Berezi baten arduradun bihurtuta aurkitzen da NBE. Berezia, bai, benetan, epaitegia.