Ogasuna, Hezkuntza eta Osasuna dira Jacob Zumaren erronka nagusiak
Hegoafrikako Legebiltzarrak gaur hautatuko du Jacob Zuma presidente, botoen % 65,9 lortu baitzuen. Gobernua osatzeko elkarrizketak oraindik zabalik daude. Ogasun, Hezkuntza eta Osasun ministerioak dira gakoak, hiru arlo horiek baitira Zumaren lehentasunak.
GARA |
Jacob Zuma Hegoafrikako laugarren presidente izendatuko dute larunbatean Pretorian egingo den ekitaldian. Horren ostean, Gobernuaren osaketa iragarriko du. Gaur Legebiltzarrak haren kargua berretsiko du. Tramite hutsa da, apirilaren 22an izandako hauteskundeetan botoen %65,9 lortu baitzuen. Lehendakaritza lortzeko, gehiengo soila besterik ez da behar.
Azken egunotan Gobernu berriaren inguruko zurrumurru ugari zabaldu dira. Ogasun, Osasun eta Hezkuntza ministerioen ardura nork hartuko duen ez du jakinarazi oraindik Zumak. Garrantzi handikoak dira hiru horiek. «Gobernuak zerbitzu publikoak hobetzeko duen borondatea islatu beharko dute ministroen izendapenek», plazaratu zuen politikan aditu Aubrey Matshiqi-k. 13 urtetan Ogasun Ministerioa Trevor Manuelen ardurapean egon da, eta inbertitzaileek begi onez ikusten dute. Mundu mailako krisi ekonomikoa hasi arte Hegoafrikak izan duen garapenaren arduraduna bera izan dela esan du Manulek.
«Karguan jarraitzeak harrituko ninduke. ANCren barruko indar ezkertiarrek ez dute oso gogoko», aipatu zuen Matshiqik.
Bere ustez, baliteke Manuelek Gobernuaren kudeaketaren jarraipena egingo duen Zaintza Batzordearen ardura hartzea.
Itxuraz, baliteke hainbat ministerio bitan banatzea zerbitzu publikoak hobetzeko. Ur, elektrizitate zein osasun zerbitzu falta dela-eta, manifestazioak izaten dira aldizka. Hala, ospitaleak nahiz eskolak hobetuko dituela eta kriminalitatea eta ustelkeriaren kontra gogor egingo duela esan zuen ANCk.
«Zumaren Administrazioa aldaketaren aldekoa da eta horrek ez du zertan txarra izan», adierazi zuen Susan Booysen Johannesburgoko Witwatersrand Unibertsitateko analista politikoak.
Hausturak amaitzea, erronka
Emandako hitza betetzeaz gain, Gobernu berriak Zuma eta haren lehiakide Thabo Mbekiren arteko barne haustura gainditu beharko du. 2008ko irailean dimisioa aurkeztu zuen Mbekik. Orduan, bere jarraitzaileek beste talde politiko bat osatu zuten, baina Mbekik ez zuen esan noren alde bozkatu zuen.
Zumaren aliatu nagusiak sindikatuak eta Alderdi Komunista dira. Mbekirekin ez zuten harreman onik izan boterean egon zen bitartean (1999-2008). Orain, Zumari emandako sostenguaren truke zer jasoko duten zain daude.
«Ministerio batzuen jarduna txarra zela argi zegoenean ere, Mbekik ez zuen aldaketarik egin Gobernuan. Zumak desberdin jokatzea espero dute hautesleek», esan zuen Matshiqik.
Jaco Zuma presidentea izango dela argi dago, ez ordea, nor izango den lehen dama, bi emazte ditu eta. Poligamia legezkoa da Hegoafrikan eta Konstituzioak ez du horren gainean deus ere esaten. Zurrumurruak larunbatean amaituko dira, Pretorian egingo den kargu hartze ekitaldian.