«XIX. mende bukaera garai klabea da, gure egunak ulertzeko interesgarria»
«Ez obeditu inori» nobelaren idazlea
Ereñotzun jaioa eta lanbidez kazetari, Mikel Peruarena Ansak (Hernani, 1978) poesian eman zituen lehen urratsak literaturan, «Eguraldiaz hizketan» (Elkar, 2003) eta «Edan ase arte» (Kutxa Fundazioa, 2006) liburuak argitaratuta. Orain, «Ez obeditu inori» lehenengo nobela plazaratu berri du Susa argitaletxearekin, literatur ahots berri bat aurkituta.
Anartz BILBAO | BILBO
Desobedientziarako deia (edo agindua) al da Mikel Peruarenak «Ez obeditu inori» (Susa, 2009) nobelan igortzen duena? Batek daki. Kontua da, olerkia utzita -«poesiarekin pixka bat beteta nago, ez dut ahotsik aurkitzen», aitortu digu-, prosara salto bikaina egin duela ereñotzuarrak, iraganean girotu eta aurrena bukaera kontatzen duen istorioa argitara emanda.
Berarekin harremanetan jarrita, aurrena izenburuaz mintzo zaigu Peruarena: «Liburu hasierako `Ea, mutillak, koraje egin, ez obeditu iñori' aipua 1895eko bertso anonimo batetik hartuta dago. Eta nobelaren garairako eta kontatzen den istoriorako ondo zetorrela uste dut. Gero, esaldia bera agindu bat da, eta beraz, badu irakurketa bikoitza edo hirukoitza ere».
Nobelak XX. mende bukaerara garamatza. Bertan, «aurrean ezer ez daukanak atzera begiratu behar izaten duela» dio pertsonaia batek, «eta akaso horregatik izango da» atzera begiratu izana egileak berak. «Gaur egunean edo etorkizunean ez dut zera handirik aurkitzen gauzak kontatzeko, eta akaso atzera begiratu beharra daukat zer gertatu izan den jakiteko» dio Peruarenak, historiazalea baita ereñotzuarra: «Gustatzen zait. Baina ez nuke nahastu nahi gehiegi zaletasun hori nobelarekin, ez dudalako uste nobela historikoa denik, huts-hutsean behintzat».
XIX. mende bukaerako Donostiatik, «garaia bera egiten zitzaidan erakargarria. Kubako gerraren bueltan, espainiar inperioaren amaiera eta ireki zen garai berria: gizarte gatazkak, abertzaletasuna... gauza asko sortu ziren, industrializazioa, hiriak...». Aro guztiak garrantzitsuak badira ere, «uste dut nahiko garai klabea dela, eta gaurko gure egunak ulertzeko interesgarria». Bestalde, gure literaturan arreta gehiegi jaso ez duen garaia izan dela ere esan daiteke: «Irudipena daukat euskaraz ez dela asko landu». Eta idazlearen kezka da «gure buruari nola kontatu diogun historia». Normalean «kanpotik kontatu digute, eta guk geuk kontatu dugunean urte askotan apaizek kontatu dute, nahiko irudi eta kontakizun distortsionatuekin». «Ez obeditu inori» lanean berriz, -«ez dut esango objektiboa denik»-, gure historia kontatzeko «beste modu batzuk bilatu edo landu genitzakeela uste dut».
Nobelak Peruarenari dokumentazio lan mardula eskatuko zion irudipena dugu, bikain girotuta baitago. «Banituen ohar batzuk apuntatuta garai hartako ohitura eta giroaz, eta istorioa mamituz joan naizen heinean, liburuaren eskakizunen arabera gauza zehatzagoak bilatuz joan naiz» argitu digu berak. «Liburuetara jo dut ezinbestean, eta garaiko egunkarietara, oso informazio iturri ona direlako -Internet ere, dudarik gabe, datu base izugarria da-». Gainera, «juxtu prentsa modernoa hasten den garaia da XIX. mende bukaera hori. Gerra Karlista ostean hasten dira jada lehendabiziko egunkari... esan dezagun modernoak», eta Donostia zer zen eta zein ohitura zeuden ezagutzeko «garaiko prentsa baino gauza hoberik ez dago».
Mandozain bertsozalea
Garaia ezagututa, pertsonaiak aurkezteko ordua da, ez baita nolanahiko hirukote iraultzailea estudianteak, frantsesak eta Sotero bertsolari besobakarrak osatutakoa. «Pertsonaia nagusia Sotero da, eta bera nolakoa zen, gutxi gorabehera zirriborro bat egin nuen». Hortik abiatuta, «izen-abizenak ematen dizkiozu eta imajinatzen hasten zara zeintzuk gauza gustatzen zaizkion, zeintzuk gorroto dituen, zein iragan duen, familia...»; pertsonaia bere kabuz moldatzen hasten den arte: «Kontakizunaren arabera ezaugarri berriak agertzen zaizkio kasik, bertsoak jartzea adibidez...», bere sorkuntzaz gaindi izaera propioa hartu balute legez.
Adiskidetasun, iraultza edo porrot baten istorioa izan daitekeena, «horiek denak eta akaso gehiago ere izan daitezke», egilearen aburuz. «Konturatu naiz lagunek-eta, liburua irakurri dutenek, bakoitzak interpretazio ezberdina eman diola, eta niretzat oso aberasgarria da hori» aitortu digu Peruarenak. Sakonean, «askotan, bizitzan ere, gauzak egin ondoren aurkitzen diogu esanahia. Pertsonaiekin ere gauza bera egin nahi nuen, eta konturatu naiz biziak direla eta harremanak sortu dituztela beraien artean, jendeari gauzak esaten dizkietela. Beraz, ez nuke mugatu nahi ez-dakit-zeri buruzko kontakizun bat dela esatera».
Idazkeran ere, harrigarriro zehatza eta laburra da Peruarena: «Nahiko obsesiboa naiz eta kostatu zitzaidan tonua aurkitzea. Lehen 30 orrialdeak idazten akaso hiru hilabete edo pasa nituen, eta gero bi hilabetean beste ehun eta gehiago etorri ziren atzetik». Beraz, «Soterori hitz eginaraztea kosta zitzaidan, baina gero, behin doinua hartuta, berak eraman zuen kontakizuna». Egileak ez omen zeukan pentsatuta «esaldi motzak egin edo beste, Soteroren hitz egiteko forma da hori», baina «egia da egin dudala saiakera bat gure zaharrek-eta oraindik erabiltzen dituzten esamolde eta hitzen adierazkortasuna erreferentzia hartuta, hortik hizkera literario bat sortzeko».
Belarriak erne
Egunerokoan urriak ditugun hitzak ere aurkitu ditugu liburuan, eta horretaz egileari itaundu: «Ohitura handia daukat apunteak eta oharrak hartzeko, eta zaharrekin hitz egiterakoan zerbait berezia entzuten badut, jaso, eta gero idazterakoan, naturalki ateratzen zaizkit. Ez da hori hitz egiterakoan erabiltzen dudan jario berdina, nahiz eta biak nireak diren». Bistan denez, etengabeko lan bat dugu hau, «beti alarma piztuta erabiltzen dut». Eta hitz joko politak ere bai, kontakizuna aberastu eta irakurketa atseginago egiten dutenak. Sotero bera bertsolaria delako, akaso. Edo Peruarena bera ere, bertsolari girokoa delako -«baditugu inguruan bertsolariak eta zalea naiz»-, ereñotzuarra izanda. «Saiatu naiz oso laua ez egiten kontakizuna, eta kolorea ematen, jolasak-eta sartuta. Ez dakit emaitzak eman dituen, baina ahalegin hori egon da».
Poesiarekin aseta, «idaztea izugarri gustatzen zaidanez, ezin idatzi gabe egon, eta egia esan, oso gustura aritu naiz nobelarekin, beste ahots bat da» esan, eta bere asmoak ere agertu dizkigu Peruarenak, agurtu baino lehen: «Pertsonaiek zer gertatzen ari den esatea baino haiek esan eta egiten dutenarekin irakurleak ideia bat egitea zen nire asmoa. Joko horretan sartu eta norberak bere ondorioak ateratzea nahi nuen». Bestalde, «banuen beldur puntu bat hizkerarengatik jendeari gogor samarra egingo ote zitzaion liburua, baina ez omen da horrela izan» aitortu digu.
«Pertsonaiek zer gertatzen zen esan baino irakurleak ideia bat egitea zen nire asmoa. Joko horretan sartu eta norberak bere ondorioak ateratzea nahi nuen»
«Nahiko obsesiboa naiz eta kostatu zitzaidan tonua aurkitzea. Lehen 30 orrialdeak idazten hiru hilabete pasa nituen, eta gero bi hilabetetan beste 100 etorri ziren atzetik»