Iraganera begira, gaurko egoeraren kausak eta jatorria
Atzo, askorentzat historikoa izango den egunean, Patxi Lopez, PSOEkoa, lehendakari hautatu zuten Gasteizko Legebiltzarrean eta, aldi berean, EAJk agintea utzi behar du, 30 urtez bere eskuetan izan ondoren. Autonomia ezarri zenetik, lehen aldiz galdu du EAJk boterea, haren kudeaketa eta ezer gutxi gehiago bermatzeko adostatutako marko batean. Juan Jose Ibarretxek bere ibilbide politikoaren amaiera iragarrita, alderdi horrentzat etapa berri bat zabaldu da.
Nekez argudia liteke arrazoi bakar bat egoera honetarako. Alegia, argi dago zein den atzoko hautaketaren arrazoi zuzena: Parlamentuaren indar korrelazioa apartheid politikoaren ondorio da, ezker abertzalea politikoki baztertzeko PSOEren Gobernuak egin duen ahaleginaren ondorio. Beste alde batetik, hori ez da berria Euskal Herrian, Nafarroan egoera hori aspaldi baitago indarrean.
Baina, harago joanda, zeintzuk dira Euskal Herriko egoera politikoaren azken kausak, nolabait esateko? Horietatik bat, beharbada garrantzitsuenetakoa, beldurra da.
Beldurra, lehenik eta behin demokraziari, herriaren hitzari. Posfrankismoan ezarritako sistema politikoari epe erdira aldaketa sakonak ekar diezazkiokeen aldaketa konstituzionalak egiteko beldurra. Lizarra-Garazin horixe sumatu zen fronte unionistaren lehendabiziko saiakerarekin. Aldi berean, ordu arte Estatuaren eta EAJren goiburua izandakoa aldatu zen: biolentzia politikorik gabe dena da posible. Posfrankismotik neofrankismora. PSOEren beldurra. Eta beldur horrek, Lehendakaritza eman dion bezala, Espainiako Presidentetza kendu liezaioke epe laburrean.
EAJren beldurra boterea galtzea zen eta galdu egin du. Loiolan politikoki suizidatu zen PSOEren alde eginez.
Ezker abertzalearen beldurrak, bere aldetik, berretsi egin direla baiezta daiteke. Solaskideak ere errespetatzen ez dituen Estatu batek bete al dezake bere hitza beste edozein alorretan? Halere, aurrera egiteko kemena erakutsi du eta euskal herritar gehienentzat nabarmenak baina garrantzitsuak diren elementu nagusiak esaten dihardu: gatazka politikoa dago, negoziazio bidez konpondu behar da eta auzi hau lehentasun politikoa da.