Pasaiako Portuko sarbidea egiteko lanak lehiaketara atera ditu Aldundiak
Pasaiako kanpo portua eraikitzeko bidean beste pauso bat eman zuen atzo Gipuzkoako Aldundiak, portuko sarbidea egiteko lanak lehiaketara atera baitzituen. Sarbideak 2,8 kilometro izango ditu eta eraikitze lanetarako 400.000 euroko aurrekontua onartu da.
GARA |
Gipuzkoako Aldundiak Pasaiako kanpo portua eraikitzeko asmoan lehenengo pausoa eman du. Atzo, azpiegituraren sarbidea eraikitzeko lanak lehiaketara atera zituen Aldundiak, eta sei hilabete barru emango du jakitera esleipena lortu duen enpresa zein den.
Proiektuak 2008an idatzitako proposamen bat izango du abiaburu, eta bertan 2,8 kilometroko luzera izango duen sarbidea egitea aurreikusten da. Jaizkibel mendia alde batetik bestera zeharkatuko duen tunel bat eraikitzea ere aurreikusten du proiektuak. Sarbidea Lezo-Gaintxurizketa (GI-2638) errepidean hasiko da eta hainbat zatitan banatuko da: lehenengo eremuak 700 metro inguruko bidea egingo du; ondoren, Jaizkibel mendiaren hegoaldeko hegalean dagoen ibarretik pasako da, eta amaitzeko mendia zeharkatuko duen bi kilometrotako tunela eraikiko da. Sarbideak, itsasoaren mailan egongo den kanpo portuarekin bat egingo du.
Pasaiako Portu Agintaritzak gauzatu nahi duen proiektu honek bertako herritarren, sindikatuen eta talde ekologisten kexak eragin ditu, eta azpiegiturak ingurumenean kalteak eragingo dituela nabarmendu dute. Gainera, proiektuak zentzurik ez duela ohartarazi dute; izan ere, haien ustez, egun oraindik martxan dagoen portuak «jasotzen duen lan zama hartzeko gaitasuna du», eta, hortaz, ez dute «inondik inora» kanpo portu berri bat eraikitzea beharrezko ikusten.
Iritzi horiek kontuan hartu gabe, Portu Agintaritzako presidente Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik hiru kilometroko zabalera izango duen portua egiteko asmoari eutsi dio, eta duela bi aste egindako prentsaurrekoan ziurtatu zuen azpiegiturak ez dituela Jaizkibel mendiko itsaslabarrak ukituko.
Zentzu horretan, Gonzalez de Txabarrik 3.000 metroko zabalera izango duen plataforma «inguruaren egitura eta itxurarekin bat» etorriko dela ziurtatu zuen, eta ingurumenean kalterik ez duela eragingo azaldu zuen. Gainera, Portu Agintaritzak dagoeneko jakitera eman du zeintzuk izango diren proiektuaren marka eta leloa. Hala, itsasoaren ikur gisa kolore urdina eta ingurumenaren ikur gisa kolore berdea agertuko dira batera, «ekoportuaren» ideiari garrantzia nabarmentzeko, azpiegitura horrek ingurumenarekiko begirunez jokatzen duela agerian utzi nahian. Hori gutxi balitz, markaren izena «Pasaia. Ecoport» izango da.
Portuaren obrak, 2012an
Gauzak horrela, proiektu berriak zehaztuta dituen epe guztiak betetzen badira, Gonzalez de Txabarriren aurreikuspenen arabera, kanpo portua eraikitzeko lanak 2012. urtean hasiko dira, eta azpiegitura 2020. urtean martxan izatea espero du. Azpiegitura berriak egun Pasaiako badian egiten diren lan guztiak gauzatu ahal izatea aurreikusten da.
Pasaiako Portu Agintaritzak gauzatu nahi duen proiektuak Jaizkibel mendia zeharkatuko duen bi kilometroko tunela egitea aurreikusten du. Sarbideak guztira 2,8 kilometro izango ditu.
Gipuzkoako Aldundiak sarbidea eraikitzeko lanak lehiaketara atera ditu eta sei hilabete barru jakinaraziko du zein enpresak izango duen lan horiek egiteko ardura. Proiektuak 400.000 euroko aurrekontua izango du.