GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Bidezko Merkataritzaren Egunaren harira, jardunaldi bereziak izango dira Baionan

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

2004ko Jendarte Foroan egindako mahai-inguru baten ondotik, hainbat elkartek bidezko merkataritzako azokak abian jartzea deliberatu zuen, Ipar Euskal Herrian eta munduan ekoiztutako produktuekin. Geroztik MEBk (Baionako bidezko merkataritza) urte batzuk eman ditu ohiko azoketan edota berariaz antolatutakoetan parte hartuz, bidezko merkataritzaren filosofian oinarritutako ekoizpenen ezagutza eta salmenta hedatzen.

Iaztik, ordea, azokok «edukiz janzteko» parioa egin dute, eta hartara, hiru hilean behin egiten hasi dira. Hurrengoa, larunbatean egingo da Baionako Glain eremuan dagoen Elkarteen Etxean, sarrera urririk izango delarik.

Kalitatezko laborantzatik eta nekazaritza biologikotik eratorritako produktuak eskaintzeaz gain, egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizeko bederatzietatik arratsaldeko seietara, erakusketak, informazio mahaiak, argitalpenak (Ipar Euskal Herriko ingurumenaren babeserako ekimenekin lotutako «L'âge de fer» aldizkariaren ale berezia salgai jarriko da) eta hainbat animazio izango dira.

Bidezko merkataritzaren hamabostaldia egun horretan hasiko denez, gero eta gehiago hedatzen ari den salmenta-sistema horri buruzko hausnarketa eta egungo nondik norakoak aztertzeak berebiziko garrantzia duela iritzita, MEBek bi hitzordu ipini ditu.

Lehena, goizeko hamaiketan izango den mahai-ingurua. Bidezko merkataritzan ari diren lekuko eragileek (BLE, Han eta Hemen, Idoki, Artisanats du Monde, ...) parte hartuko dute bertan eta, besteak beste, Europan ezartzen ari diren arau biologikoak izango dituzte hizpide, elikadura gaietan aditua den Frederic Duharten gidaritzapean.

Arratsaldeko lauretan, berriz, Sylvie Mayer biologista eta Jean-Pierre Caldier enpresaburu eta elkarteetako militanteak mintzaldia eskainiko dute bidezko merkataritzaren kontzeptuak izan dituen aldaketak eta bilakaerak azaltzeko.

Bien bitartean, bertako produktuekin egindako bazkari biologikoa (txartela 12 euro helduentzat, eta 10 euro, 15 urtetik beherakoentzat) dastatzeko aukera ere izango da.

Iruñean ere bai

Ildo beretik, Iruñean ere hainbat ekimen antolatu ditu Bidezko Merkataritzaren Partzuergoak. Sarasate pasealekuan 11.00etatik 21.00etara azoka, dastatze guneak eta tailerrak paratuko dituzte, kalejira, musika eta antzerki saioez inguratuta.

Maiatzaren 11tik 18ra, Golem zinemetan, bidezko merkataritzari buruzko erakusketa eta «Oro negro» dokumentala izango dira ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo