GARA > Idatzia > > Kultura

Musikak Urdiñarbeko karrikak jantziko ditu soinulariei eskainitako ikusgarriekin

Idoia ERASO | URDIÑARBE

Duela hogei urte hasi zen ekimen honek izan duen bilakaera nabarmendu nahi izan zuen Jean-Jacques Etxeberri: «Urtetik urtera emendatzen dugu eta hobekuntza bat ekartzen saiatzen gara urtero». Hiru egunetan zehar antolatzen diren ekintzetan espiritua, hala ere, ez da aldatu: «Bil Xokoa elkartea duela hogeita bost urte sortu zen eta gure asmoa zen soinugileak ekarraraztea urririk ikusteko. Hala abiatu zen eta artista batzuk etorri dira geroztik, eta batzuk urtero errepikatzen dira».

Lagunak diren talde, txaranga eta elkarteek urtetik urtera ekartzen dituzte beraien ikuskizun eta emanaldiak. Aurtengo berritasunetako bat Urdiñarben aurkeztuak izan diren lanak eskainiko dituzte berriz izanen da, elkarteko lagunen eskutik moldatuak. Izan ere, ostiraleko Musikaldiaren, Musikaren Egunaren hogei urteen bilduma izanen da, antolatzaileen lagunak diren elkarteak prestatua. «Txululari, txabelari, irrintzinez tabalari. Kantore hitzek betidanik musikan bide musik'aldi».

Egun nagusia izanen da igandekoa. «Herri baten nahia, elkartearen nahia herria biziaraztea zen eta lehentasunetako bat euskara indartzea zen» eta hori agerian geldituko da egun osorako antolatuak izan diren ekitaldietan. Izan ere, aurtengo berritasunetako bat ekitaldi ezberdinak herri erdialdera, arrabotia aldera ekartzea izan da. Horrela, goizeko barrikadarekin herriko kanpoaldetik hasita barnealderantz murgiltzen joanen da, eta musika protagonista bada ere, bidelagun izanen duen dantza eta bestak berotuko dute giroa.

Nazioarteko taldeak

Eremu urriko kulturen ordezkariak ekartzea izan da Musikaren Egunaren filosofia, eta horrela Bretainiatik datozen Les trompettes de Mozanbique soinulariak izanen dira bertan. Euskal Herritik eta Zuberoan lehen aldiz Damba taldeak blues, rock eta funkaren arteko nahasketarekin dantzaraziko ditu bestalariak. Eta hurbilagotik Xiberoako kantore eta dantzarien artea aurkeztuko da.

Ostirala Urdiñarbeko ospakizunak auzoko duten Xiru jaialdiarekin duten loturaren erakusle izanen dira. Apirileko emanaldiarekin hogei urte bete dituen xirularien festibalak Gotaine-Iribarnek egin zuen sorkuntza ekarriko dute Urdiñarbe aldera. «Bidajeko jenteak» hartuko du gaitzat gaua, lehenik Xiruko jaialdirako egin zen «1802» ikusgarria eskainiz eta ondoren ijitoen munduan soinuz eta hitzez hurbilduko duen Le fils du vent talde manuxaren bitartez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo