Antzerkiaren Maiatzak lan berritzaileak ekarriko ditu hogeita bosgarren urtean
I. E. | HENDAIA
Hogeita bosgarrenez ospatuko dute Antzerkiaren Maiatza Hendaian, hilaren 14tik 17ra. «Jaialdi honek Chimères konpainia, Herriko Etxea, elkarteak eta herritarren arteko elkarlanaren istorioa kontatzen du. Herritarren dinamika jaialdiaren baitan integratu da», azaldu zuen Chiméres antzerki taldeko Jean-Marie Broucaretek. Antolatzaileek nabarmendu zuten antzerkiaren munduan Hendaiako ekimenak lortu duen garrantzia. «Ia dena dohainik da eta horrek ezarria den indarra erakusten du, ezin da doakorik izan borondaterik gabe», azaldu zuten antolatzaileek, eta jaialdiak urtetik urtera hartzen dituen arriskuen ondorio dela bere ospea.
Egitaraua
Antzerkia nabarmentzen du jaialdiaren izenak berak, baina agertoki gainean aurki daitezkeen bestelako adierazpideei ere tokia eman nahi izan diete eratu duten programan. Dithyrambe bikotearen ikusgarri musikalak punka, rocka eta diskoa nahasten dituztela antzezpen bereziarekin. Dantza eta musika ere elkartuko ditu Bang Public-ek «Café de la gare» ikusgarrian. Acte 2 taldeak arrakasta handia biltzen ari den antzezlana eskainiko du Hendaian. Avignoneko jaialdi entzutetsutik zuzenean «Le jour où Nina Simone a cessé de chanter» ekarri dute programatzaileek. Musikarekin elkartzen den antzerkia aurkeztuko dute Metalovoicekoek «Chemin de fer» lanean. Les Tambours du Bronxs talde ezagunetik ateratako kideek osatu dute konpainia. Jaialdiaren antolatzaile den Le Théâtre des Chiméres konpainiaren azken lana ere izango da ikusgai. Gizadiaren eta gizatasunaren gaineko gogoeta den «Les enfants d'Arcadie, un diptyque pour l'humanité» eskainiko dute maiatzaren 14, 15 eta 16an.