GARA > Idatzia > > Kultura

Beitaren misterioak aurkezten dituen erakusketa, Biarritzeko Itsas Museoan

«Beita. Amuzkia, lurra eta itsasoaren artean» erakusketa inauguratu zen atzo Biarritzeko Itsas Museoan. Jacques Pavlovskyren argazkiek eta Michel Hacalaren margoek galtzear dagoen itsasgizonen mundu eta tekniken berri ematen dute. Atuna arrantzatzeko beita egiten dakiten arrantzaleak gero eta gutxiago direla-eta, ikuspegi artistikoa galdu gabe, artistek tradizioa eta historiaren parte bat atxiki nahi izan dute erakusketa honen bitartez.

p049_f02_116x72.jpg

Idoia ERASO | BIARRITZ

«Duela 30 urte horrela arrantzatzen zen, baina orain jakituria hori ez da transmititu. Jakituria hori gal ez dadin erakusketa bat egin dugu», azaldu zuen egitasmoaren sustatzaile eta ikusgai dauden koadroetako egilea den Michel Hacalak. Erakusketaren xede informatiboa ere nabarmendu zuen Jacques Pavlovsky argazkilariak: «Nire argazkiak oso didaktikoak eta sinpleak dira. Ez dut ezer pertsonala egitea bilatu, beitak nola egiten diren erakusten saiatu naiz, besterik ez». Artisten ideiak Museoaren helburuekin bat egiten zuela eta berehala seduzitu zuela nabarmendu zuen zentroko zuzendaria den Françoise Pautrizelek. Maiatzaren 26ra arte izango dira ikusgai artista eta arrantzaleen lanak.

Argazkietan Jean-Baptiste Hacala arrantzale ohia agertzen da beitak egiten. Sorkuntza prozesuaren aldi ezberdinak agertzen dira. Beiten parte diren arto azalak tindatzen eta mozten diren momentuen irudiak ere hartu ditu argazkilariak. Margolariak bere aldetik garai bateko egoerak ekarri ditu gogora bere artelanen bitartez. Iraganeko arrantzaleak itsasoan aritzen zirene- ko irudiak edota nekazariekin batera artoa zuritzen aritzen zireneko momentuak islatu ditu margolanetan.

Arrantzale izandako bi artistek eurek bizi izandakoaren edota entzundakoaren berri eskaintzen du margolariak. Film txiki bat ere egin du Michel Hacalak beiten ekoizpena pausoz pausoz erakutsiz.

Erakusketaren ardatz nagusiak dira beitak, eta errepresentazioez gain, bertan benetakoak ere jarri dituzte ikusgai. Erakustoki batean atuna arrantzatzeko Euskal Herrian baliatzen ziren amu eta amuzkiak agertzen dira. Amuzkiak egiteko erabiltzen ziren materialak ere ikus daitezke, hala nola metalezko hariak eta arto azalak. Kolore arrosaz, horiz edo grisez tindatuak, atunak erakartzeko. «Arraina tronpatzeko erabiltzen ziren arto azalak, ur azpian modu berezian ikusten baita dena» azaldu zuen Hacalak.

Beiten produkzioa gizonen esku gelditzen omen zen, izan ere, metalezko hariak ezartzeko indar handia behar zen egin. Arrainaren tamainaren arabera, lodiera bateko edo besteko hariak erabiltzen zirela nabarmendu zuten arrantzaleek. Arrainak itsasontzira igotzeko behar zen indarra ere azpimarratu nahi izan zuen margolariak. Bere margoetan Hacalak ontzien tamainaren berri ere ematen du, zortzi bat arrantzale biltzen zituzten tamaina txikiko ontzietan.

Bi ikuspegi ezberdin

«Bi lan oso ezberdinak egin ditugu erakusketa honi osotasuna emateko. Nik informazioa pasarazi nahi izan dut, eta Michelek artearen askatasuna baliatu du», azaldu zuen Jacques Pavlovskyk. Michel Hacalaren lana ulergarri izateko helburu duen grafismoan oinarritzen bada ere, ikuspegi subjektiboa ezin uka dakioke, arrantzaren munduaren gogortasuna ikuspuntu artistiko argi batetik azalduz.

«Txikitako eta nerabezaroko istorioen eta bizimoduaren erreportaje bat bezala hartzen dut nik erakusketa hau. Hasieran soilik informazio hori gordetzeko egin nahi nuen, baina gero Michel Hacalaren margoekin elkartuta erakusketa bat ere egin zitekeela konturatu ginen», azaldu zuen Jacques Pavlovskyk. Gauza sinpleenak hartzeko ere ikuspegi indartsua eskaintzen du argazkilariak bere lanetan.

Hacalatarren familia arrantzalearen baitan, betidanik izan da margoarekiko erakarpena eta koadro hauetan hori antzeman daitekeela azaldu zuen artistak: «Gure familian betidanik egin izan ditugu arrantzaleen margoak eta nik tradizio horrekin segitzen dut».

BIZIAREN ISLA

«Txikitan eta gaztetan ezagututako arrantzale bizimoduari buruzko erreportaje bat bezala hartzen dut erakusketa hau», azaldu zuen argazkilariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo