GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Elkartasuna zigortzeko pauso berriak, Algecirasen egoera okerrera doanean

Joan den apirilaren 29an, bi egunez baraurik egon ostean, Algeciraseko euskal presoek garbitasun grebari ekin ziotenetik bederatzi egun beteko dituzte protestan. Amnistiaren aldeko mugimenduaren esanetan, «egoera jasangaitza da». Protesta ekimenak ere bideratu dituzte, gainera. Bestalde, Donostian, Ertzaintza sei etxetara bertaratu zen atzo goizaldean bertan zituzten euskal presoen argazkiak kenarazteko.

p018_f02_71594.jpg

GARA |

Algecirasen dituzten euskal preso politikoek higiene grebari ekin ziotenetik bederatzigarren eguna betetzen den honetan, Botafuego espetxean «egoera oso larria» dela ohartarazi du amnistiaren aldeko mugimenduak. Atzo, gainera, egoera gogortzearekin batera, itxialdia egin zuten. Testuinguru horretan, euskal preso politikoenganako elkartasuna zigortzeko pauso berriak eman zituen Ertzaintzak, Donostian: 3.00ak eta 4.30ak bitartean, gutxienez sei etxebizitzetara joan ziren, bertakoak identifikatuz eta etxe atarietan zituzten presoen argazkiak kentzera behartuz. «Terrorismoari gorazarre egitea» leporatu diezaieketela ohartarazi zieten, datu guztiak Auzitegi Nazionalera bidaltzeaz gain.

Apirilaren 27 eta 28an baraualdia eginez ekin zioten Algeciraseko euskal presoek bizi baldintzak hobetzeko protestaldiari. Iaz Arkaitz Bellon Elorrioko euskal presoa jipoitu zuen kartzelari taldeak elorrioarrari orain gutxi egindako mehatxuen eta miaketen ondorioz hasi zuten protesta. Apirilaren 29an garbitasun greba hasi zuten, espetxe espainolak egoera horri irtenbide bat emateko inolako asmorik azaltzen ez zuela ikusita -borondate ezaren erakusletzat, joan den asteburuan bertako bost euskal preso politiko lekualdatu izana-.

«Egoera jasangaitza da»

Gaur bederatzi egun bete dituzte higiene greban, eta amnistiaren aldeko mugimenduak egoera muturrekoa dela salatu du.

Bederatzi egunez, euskal presoek, protesta gisa, euren behar fisiologikoak ziegan bertan betetzen dituzte, zaborra ere bertan uzten dute eta ez dute inolako garbiketarik egin. «Une honetan egoera jasangaitza da», ohartarazi du amnistiaren aldeko mugimenduak, usainaz beste, «lo egiteko ere zailtasunak» dituztela nabarmenduz.

Algeciras-Botafuegon dituzten euskal herritarrak, bost lekualdatuak izan ostean, hauek dira: Aurken Sola, Inma Pacho, Inma Noble, Jorge Gonzalez, Asier Larrinaga, Xabier Abaunza, Arkaitz Bellon, Iñaki Cañas, Arantza Garbayo, Mikel Egibar eta Josetxo Etxeberria. Lau dira bertako euskal preso politikoek egiten dituzten eskaerak: jipoi gehigorik ez; espetxe araudia betetzea; bizi-baldintza duinak bermatzea; eta bakartze zigorrik ez ezartzea.

Ertzaintza, gauez, etxez etxe

Amnistiaren aldeko mugimenduak egoeraren larritasunaz ohartarazi eta «salaketa eta presio dinamikak» egiteko deia egin du, «egoera honi lehenbailehen amaiera emateko». Hala, www.askatu.org webgunean bitartekoak ere eskegi dituzte.

Bestalde, euskal preso politikoekiko elkartasuna zigortzeko beste pauso bat eman zuen Auzitegi Nazional espainolak Ertzaintzaren laguntzarekin. Izan ere, amnistiaren aldeko mugimenduak salatu eta Lakuak baieztatu zuenez, atzo goizaldean, 3.00ak eta 4.30ak bitartean, gutxienez Donostiako sei etxebizitzetara joan zen Polizia autonomikoa, etxeotan jarrita zeuden euskal preso politikoen argazkiak kentzera behartzeko.

Auzitegi Nazional espainolaren aginduz egin zutela argudiatu zuen Lakuako Barne Sailak, baina argazkiak kentzeaz gain sei etxebizitza horietako jabeak identifikatu ere egin zituen, presoen argazkiak jartzean delitua egiten ari litezkeela-eta, «terrorismoari gorazarre egitea». Hala, datu horiek ere salbuespeneko auzitegira bidaliko dituzte.

Amnistiaren aldeko mugimenduaren irudiko, «euskal preso politikoen argazkien harira beste urrats errepresibo bat egiten ari da espainiar Gobernua», eta horri erantzuteko, euskal presoekiko elkartasun mezuak herri eta auzoetan zabaltzeko dei egin zien euskal herritarrei.

Bestalde, euskal presoen eskubideen defentsan, besteak beste, 22 lagun bildu ziren astelehenean Donostiako Altza auzoan egindako elkarretaratzean, eta 105 atzo, Bilbon.

Fax bidalketak

Algecirasen bizi duten egoera larria dela-eta, amnistiaren aldeko mugimenduak fax-ak eta gutunak kartzelera bidaltzeko deia egin du. «www.askatu.org» webgunean horretarako inprimakia eskegi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo