GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Hautetsi independentistek «benetako aldaketaren alde» grebara deitu dute

«Gertatzen ari denaren aurka altxatu eta ekonomia, gizarte eta lan arloko politikan aldaketa sakonak eskatzeko» greba orokorrean parte hartzeko deia egin dute ezker abertzaleko hautetsiek. Atzo azaldu zutenez, azken hamarkadetan instituzioek hartu dituzten erabakien ondorioa da krisia. Ekonomia gaien inguruko erabakiak hartzeko, herri burujabetza berreskuratzea beharrezkoa dela adierazi zuten.

p021_f02_148x124.jpg

Amaia ZURUTUZA |

Ezker abertzaleko hainbat hautetsik Euskal Herriko gehiengo sindikalak maiatzaren 21erako Hego Euskal Herrian deitu duen greba orokorrarekin bat egin, eta egun horretan izango diren ekimenetan parte hartzeko deia egin zuten atzo Donostian egindako prentsa agerraldian.

Grebarekin bat egiteko arrazoiaz honakoa adierazi zuten: «Aukeratu gaituzten pertsonenganako dugun arduragatik eta Euskal Herrirako benetako aldaketa politiko eta soziala nahi dugulako». Greba bere horretan gainera, langileen eta, oro har, herritarren tresna dela gogorarazi zuten, kasu honetan, «gertatzen ari denaren aurka altxatu eta aldaketa sakonak eskatzeko».

Bizi dugun krisi egoeraren jatorria argi dute hautetsiek: «Krisia azken hamarkadetan egindako politika publikoen ondorio zuzena da», adierazi zuten. Gobernu zein foru aldundiek egindako politikak alegia. Zentzu honetan, botere publiko horietatik egin den politika arbuiatzen dutela adierazi zuten.

Boteredunen alde

Ildo horretatik, baieztatu zuten gobernu zein aldundiek aspaldi egin zutela boteredunen alde. «Euren interesen alde jarri ziren eta politika publikoak eurekin planifikatu dituzte», esan eta honakoa gaineratu zuten: «Garbi esan dezagun, eta ez dezagun gure burua engaina, sufritzen ari garen krisia ez dugu kanpotik ekarria». Hala, herritarren ordezkari diren instituzioek egin dituzten politika publikoen norabide eta erabakiak salatu zituzten; kapitalaren errentei zergetan aplikatu zaizkien beherapenak nahiz egin diren etxebizitza politika espekulatzaileak esaterako.

Etxebizitzaren arloan, herritarrek etxebizitza duina izateko duten eskubidea «inbertsio produktu» bilakatu dutela salatu zuten. Zerbitzu publikoen merkantilizazioa bultzatu dela ere adierazi zuten eta, hala, «batzuk herritarron osasunarekin eta herritarron zaintza eta laguntza beharrekin» negozioa egiten aritu direla. Erakundeek egin duten kudeaketa «alderdikoi eta klientelistaren» ondorioz, udalerrietako egoerek okerrera egin dutela baieztatu zuten: desberdintasunak hazi eta bazterketa arriskua handitu dela; erosteko ahalmena gutxitu dela eta zerbitzu publikoak jasotzeko zailtasunak handitu direla.

Egoera kaskarra bada, egin den politika motak ekarri duela adierazi zuten, azken hamarkadetako politika publikoa dagoela krisiaren oinarrian. Eta, azken finean, politika horren oinarria «aberastasunaren banaketa bidegabean» oinarritzen dela esan zuten. Gehiengo sindikala behin eta berriro salatzen ari den moduan, hautetsiek ere, krisiari irtenbidea langileen bizkar ematea ezin dela onartu esan zuten. Izan ere, azken hilabeteetan krisi egoera honek langileen eta, oro har, herritarren egoeraren okertzea ekarri du: lanpostu ugari desagertu dira, pertsonen bizi baldintzak kaltetu dira, gastu soziala murriztu da eta zerbitzu publikoen egoerak ere okerrera egin du.

Bizi dugun krisi egoeraz eta, orokorrean, egoera sozioekonomikoaz hausnarketa politikoa eskaintzea zen atzo hautetsien helburua, greba orokorraren deialdiari euren atxikimendua azaltzeaz gain.

Erabakitzeko eskubidea

Bada, euren iritziz, krisia nondik heldu den eta zerk sortu duen azaltzearekin batera, egoera irauli eta Euskal Herriarentzat benetako aldaketa lortzeko egin beharrekoak aipatu zituzten. Eta argi adierazi zuten «Euskal Herriari bere izaera eta erabakitzeko eskubidea ukatzen dion marko juridiko politikoa gainditzearekin bat datorren aldaketa politikoa» behar duela herri honek.

Erabakitzeko eskubideak, eta, azken batean, herri burujabetzaren berreskurapenak emango baitio, beren hitzetan, herri honi etorkizun ekonomiko eta soziolaborala baldintzatzen duten gaien inguruan erabakiak hartzeko ahalmena.

Aldaketa politikoarekin batera aldaketa sozialaren aldeko apustua berretsi zuten, besteak beste, pertsona guztiei bizi proiektu duin eta independiente bat gauzatzeko aukera emango dien kalitatezko enpleguaren bidez. Lanaren bestelako antolaketa bat ere defendatu zuten, lanaldiak murriztuz lan bizitza eta bizitza pertsonala egoki uztartzeko. Enplegurik ezean soldata sozial duinak bermatu behar direla ere adierazi zuten. Udalek rol nagusia izan dezaten ere exijitu zuten, zerga politika aurrerakoia eta bidezkoa bultzatu nahiz finantza iturriekin kalitatezko zerbitzu publikoak garatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo