GARA > Idatzia > > Kultura

Zortzi urteren buruan Atapuercako Gran Dolina «giza arrastoen orgia» izango da

2010ean Atapuercako Museoa ireki aurretik, bertan aurkitutako fosil originalak ikusteko aukera dago Bartzelonan, atzo inauguratu zuten erakusketan. Bertan, ehun urtetarako lana dagoela adierazi zuten.

p042_f01_148x107.jpg

GARA | BARTZELONA

Atapuercako mendilerroan (Burgos) fosil originalak biltzen dituen erakusketa inauguratu zuten atzo, Bartzelonan. Orain arte Parisen bakarrik izan dute halako piezak zuzenean ikusteko aukera. Atzotik aurrera, berriz, «Tesoros de Atapuerca» izenpean Bartzelona izango du erakustoki ekainaren 28ra arte. Bertan, Juan Luis Arsuaga paleontologoa eta Eudald Carbonell izan ziren, biak Atapuercako zuzendari-kideak.

Nabarmendu zutenez, datorren urtean Atapuercako Museoa ireki aurretik publikoak fosilak zuzenean ikusteko duen azken aukera da Bartzelonakoa. Aurretik, ordea, Parisen bakarrik izan da erakusgai.

Arsuagak adierazi zuenez, Gran Dolina aztarnategiak hemendik zortzi urtera, indusketa TD6 mailara iritsitakoan, «orain dela milioi bat urteko giza arrastoen izugarrizko orgia» erakutsiko du.

Atapuercako beste zuzendari Carbonellek nabarmendu zuenez, bestalde, «aztarnategian aurkitzeke dauden fosilen %1ekin» topo egin dute. Hala ere, TD6 mailara iristean hiru zuzendariek euren karguetan jarraitzea espero dute. Gaineratu zutenez, «hemendik ehun urterako lana ere badago aztarnategian».

Gran Dolinan «lanak mantsoagoak» direla ere aipatu zuten, «giza mailara iristeko indusketa handiak» egin behar direlako. Sima de los Huesos-en, berriz, «fosilak gertuago daude», adierazi zuten.

Bost original

Erakusketaren ibilbidea egitean Historiaurrea gogoratzen duen espazioan mugitzen da ikuslea eta bere bideak bost piezarekin egingo du topo.

Erakusketan biltzen diren bost fosiletatik zaharrena duela 1,3 milioi urteko falangea da eta Sima del Elefante-n atzeman zuten, Homo antecessor espeziearena, Neanderthal gizakiaren eta gizaki modernoaren azkeneko arbaso komunarena, hain zuzen ere. Duela 800.000 urtekoa den eta osorik ez dagoen burezurra eta baraila ere ikusgai daude, Gran Dolinan aurkitutako hamaika bat urteko mutiko bati zegokiona.

Homo antecessoren fosilak ikertuz espezie haren inguruko datu ugari jakin ahal izan dituzte. Hezur gehienetan, adibidez, ebaki arrastoak daudela jakin dute. Ikertzaileek adierazi bezala, horrek esan nahi du Homo antecessor gizajalea zela. Horren lehendabiziko biktima izan zen, hain zuzen, hamaika urteko mutiko hori.

Craneo 5 deituriko fosila ere aurki daiteke bertan, munduko erregistroan aurkitzen den osoena. Piezaren azterketak, gainera, Arsuagak esan bezala, gizakiek duela 500.000 urte zituzten abileziak erakutsi ditu, hala nola hizkuntzarena.

Atapuercako beste fosil berezi bat Pelvis «Elvis» deiturikoa da, Sima de los Huesosen aurkitua. Aurkikuntza, «Nature» aldizkariaren arabera, munduko giza paleontologiako gertakari historikoa izan zen, erregistro fosileko osoena delako.

Piezaren aurkikuntzak, hain zuzen, duela 400.000 urteko orduko Homo Heidelbergensis-en gorpuzkera (gu baino altuera gutxiagokoak, baina sendoagoak) nolakoa zen jakiten lagundu zuen.

Erakusketaren ibilbidea «Excalibur» izeneko bifaz batekin amaitzen da, hau da, eskuz egindako aizkora batekin. Pieza hori Sima de los Huesosen aurkitutako harri-industriaren adierazpen bakarra da.

Pieza hori, Juan Luis Arsuaga eta Eudald Carbonellen hitzetan, «Historiaurreko lehendabiziko hileta-eskaintza eta gizakiaren aurreneko objektu sinbolikoaren aurrean egongo ginateke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo