GARA > Idatzia > Kirolak > Athletic

San Mamesek Betisen bisita jasoko du

Jai giroa, lasaitasuna lortzeko puntuak batzen laguntzeko

Caparrosek «ohiko» bost jokalari besterik ez ditu sartu deialdian, talde «titularra» fresko mantentzeko.

p031_f01_097x092.jpg

  ATHLETIC-BETIS

Amaia U. LASAGABASTER | BILBO

Aurreikus zitekeen bezala, Kopako finala zulo beltz bilakatu da. Onerako eta txarrerako.

Gaurko partida, bada, bigarren maila batean geratu da. Ia ez da azken egun hauetan Betisi buruz hitz egin, eta Joaquin Caparrosek berak aurten gutxien jokatu duten gizonak zelairatuko ditu, horrek izan ditzakeen arriskuekin.

Datorren astezkeneko festak baina, eragin onuragarria ere izan dezake. Jai giroa nabarmena da Bilbon azken egunotan, zaleak ospakizun gosez daude eta, entrenamendu gisa-edo, ederki berotuko dituzte gaur San Mameseko harmailak. Are gehiago aurkaria Bilbon oso maite ez duten Betis dela kontuan hartuta.

Taldeari ez zaio gaizki etorriko laguntza hori, pentsa daitekeen baino garrantzi handiagoa duen neurketa bati ekiteko. Sportingen aurka lortutako berdinketak sekulako lasaitasuna eman zion Athletici, baina ez erabatekoa. Puntu horrek sufritzeko aukerak asko murriztu ditu, baina egon, badaude oraindik. Betisen aurka garaipena lortuz gero, berriz, matematikoki mantentzea ere lor lezake taldeak, gainontzeko emaitzek lagundu behar badute ere.

Bederatzi aldaketa

Guztiz berritutako hamaikakoarekin ekingo dio Athleticek erronkari, Caparrosek Del Olmo eta Adrien Goñi mantenduko baititu soilik. Eta iraultza, ustekaberik ez baldin bada, are handiagoa izango da Mestallari begira, gaur jokatuko dutenen artean David Lopez baita zelaian errepikatuko duen bakarra. Izan ere, «ohiko» bost jokalari besterik ez ditu sartu entrenatzaileak deialdian: David Lopez bera, Iraizoz, Amorebieta, Susaeta eta Toquero.

Inpresioa aurkakoa den arren, Caparrosen hitzetan, «gure pentsamendua orain Betis, Betis eta Betis da, emaitza on bat lortzeak erabateko urratsa ematea ekar baitezake. Puntu garrantzitsuak daude jokoan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo