GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

TOP 14

Avironek eta Biarritzek puntuak batu behar dituzte Heineken Kopan izateko aukerei eutsi ahal izateko

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Bi jardunaldi besterik ez dira falta Top 14a amaitzeko, eta bertan diren bi euskal taldeek datorren urtean Heineken Kopan aritzeko txartela lor dezakete. Horretarako, ordea, komenigarria litzateke bi partidak irabaztea, baina asteburu honi begi-ratuta, ezin esan aurkari samurrak dituztenik ez batak, ez eta besteak ere.

Gaur Avironek jokatuko du 16.30etik aurrera, Jean Dauguer estadioan Sade Toulosainen aurka. Aurkari gogorra izango dute lapurtarrek, baina Okzitaniakoak jadanik sailkatuta daude finalerdietarako, eta ohorea bakarrik izango dute jokoan. Dena dela, gauzak zail jartzen saiatuko dira.

Jean Dauguer zelaiko harmailak leporaino beteko dira. Aurtengo denboraldiko azkeneko partida izango da, eta zuri-urdinei animoak ematen saiatuko dira, Lapurdiko hiriburukoak lehen aldiz datorren urtean Europako lehiaketarik garrantzitsuena jokatzeko aukera baitute, eta horretarako zaleen babesa behar dute.

Biarritzek bihar jokatuko du Parisen, Stade Françaiseren aurka, 20.45etik aurrera. Zuri-gorrientzat ere neurketa zaila izango da, baina Parisekoak ere jadanik finalerdietarako sailkatuta daude, eta horrekin jokatu beharko dute euskaldunek.

Bi talde hauek partida garrantzitsu asko jokatu dituzte, orain dela oso gutxi Europako eta Ligako finaletan izan dira aurrez aurre, baina biharkoan euskaldunek Europarako txartela izango dute jokoan, eta etxekoek, aldiz, ohorea besterik ez dute izango.

SIR Ligan, berriz, Korsarioak taldeak gaur jokatuko du Madrilen, 12.30etik aurrera Gatos taldearen aurka. Biak daude sailkapeneko goialdean, eta euskaldunek garaipena erdietsiko balute, lehen postuan bakar-bakarrik jartzeko parada izango lukete.

Emakumezkoetan, Estatu espainoleko Kopako finalerdietako itzulerako partida jokatuko du bihar Getxo Arteak, 12.30etik aurrera etxean Pozueloren aurka. Joanekoan euskaldunek 8-38 irabazi zuten, eta finalerako txartela eskuetan dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo