Sokatira Euskal Herrikoa
Betiko taldeekin abiatuko da Berriatuan aurtengo Lur Gaineko Txapelketa
J.L. | DONOSTIA
Betikoek ekingo diote bihar Berrituan Lur Gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketari. Sokatiraren egoera ez da batere ona, eta hori garbi ikusten da, talde berririk ez baita sortzen. Zorionez, ordea, iazkoek jarraitu egingo dute, eta txapelketa normaltasun osoz jokatu ahal izango da.
Lau pisutan jokatuko da lehiaketa, 560, 600, 640 eta 680 kilotan, eta denetan hiru jardunalditako ligaxka izango da. Ez da ezusterik izan, eta mutilen lehiaketa bakarrik jokatuko da, azken urte hauetan bezalaxe, emakumezkoen taldeek ez baitute bertan parte hartzeko izenik eman.
Txapelketa bihar abiatuko da Berriatuan, eta lehenengo egun honetan, datozen bi jardunaldietan bezalaxe, 680 kilokoak neurtuko dira, astunenak, alegia. Ekinaldia, 12.00etan hasiko da, eta honako talde hauek hartuko dute parte: Gaztedi, Getxo, Areso, Goiherri eta Mutriku.
Goiherri izan zen iazko protagonista nagusia, besteen gainetik nabarmendu baitzen, eta aurtengorako ere faborito nagusia izango da. Gaztedi agertzen da haren aurkaririk zuzenena, baina beste hiru taldeak ere ahaleginduko dira berdeak estutzen.
Txapelketa gaur abiatuko da, eta amaitu, berriz, uztailaren 26an, 560 kiloko azkenengo jardunaldiarekin. Egun horretako lekua, ordea, oraindik erabaki gabe dago. Aurtengoan, gainera, Europako Txapelketa jokatuko da Herbeheretan, irailaren erdialdean, eta euskal taldeak kluben mailako lehiaketan parte hartuko dute.