Emakundek enpresa bat zigor lezake diskriminazio kasu baten inguruko ikerketa eragozteagatik
GARA |
Horizon Venture Global enpresa zigortua izan daiteke Berdintasunerako Defentsa Erakundearen lana eragozteagatik. Erakundeak horren berri emateko oharrean azaltzen duenez, emakume batek sexu diskriminazio zantzuak atzeman zituela-eta salaketa aurkeztu zuen enpresaren aurka. Izan ere, enpresak egindako lan deialdian baztertua izan zen, «soilik gizonak bilatzen zituztelako».
Berdintasunerako erakundeak, ohi bezala, auzi horretako alde biei jakinarazi zien ikerketa abian zegoela. Berdintasun Defentsa Erakundeak aditzera eman duenez, enpresa hasieratik saiatu zen ikerketa eragozten eta ez dio erakundeari salatutako gertaerari buruzko informaziorik helarazi.
Gauzak horrela, txostena igorri diote Emakunderi, Berdintasun Legean jasotzen den moduan, zigor espedientea bidera dezan. Era berean, Berdintasun Defentsa Erakundeak Lan Ikuskaritzari ere eman zio kasuaren berri.
Hain zuzen, Maite Errok zuzentzen duen erakundea kanpaina berezia egiten ari da esparru pribatuan gertatzen diren diskriminazio kasuak agerian jartzeko. Hala, gogora ekarri dute, oraindik ere, emakumeek lan munduan sartzeko oztopo gehiago dituztela, haurdunaldiak direla-eta kontratuak eteten direla eta lan bera egiteagatik gizonek baino soldata txikiagoa izaten dutela.
Halaber, Berdintasunerako Defentsa Erakundea bera ezagutarazteko baliatuko dute kanpaina. Prentsan eta kaleko iragarkien bidez egingo da, eta hau izango du izenburu: «Baduzu norbait, entzun ez ezik, erantzun ere egingo duena».