GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Herri Urrats, euskarari eta ikastolei sostengua emateko hitzordua

Senpereko aintzira milaka euskaltzalez beteko da bihar, Herri Urratsen edizio berri bat ospatzeko. Ipar Euskal Herriko ikastolen alde Seaskak antolaturiko jaialdiaren aurtengo helburua Bidarteko ikastola eraikitzeko dirua batzea izango da.

p017_f02_97x172.jpg

GARA |

Igande honetan ospatuko da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolen aldeko festa. Urtero legez, Senpereko aintzira inguruan egingo da eta eguraldiak lagunduz gero, urtero bezala, milaka euskaltzale biltzea espero da.

Aurtengo edizioaren helburua Bidarten ikastola eraikitzeko dirua batzea izango da. Hain zuzen, Bidarteko herritar batek lurra utzita egingo dute. Ortzaizekoa (Nafarroa Beherea) berritzeko ere erabiliko dute batutako dirua.

Egitarauari dagokionez, hainbat berrikuntza izango ditu aurtengo edizioak. Alde batetik, kantari eta musika talde guztiak Euskal Herrikoak izango dira, gehienak Ipar Euskal Herrikoak gainera. Besteak beste, Pib All Stars, Sagarroi, Neguri Gorriak, Kerobia, Sparteens, Willys Drumond edo Samain musika taldeak arituko dira taula gainean aintziraren inguruan antolatu dituzten guneetan.

Bestalde, haurrentzako eskaintza indartu dutela adierazi zuten aurkezpenean. Hala, orain arte agintarien harrera egiteko erabiltzen zen Zuberoa gunean, eta bereziki bertan dagoen etxean, haurrentzako animazioak egingo dituzte.

Herri Urratseko antolatzaileek festa jai giroan ospatzeaz gain, hondakinen kudeaketa egokia egitea garrantzi handikoa dela adierazi dute. Horretaz gain, jendea Senperera autobusez joan dadin ere eskatu zuten. Eta, besteak beste, Baionatik, Hendaiatik, Donibane-Lohizunetik, Donapaleutik, Hazparnetik, Mauletik, Baigorritik eta Donibane Garazitik hiru euroren truke joateko modua izango dela jakinarazi zuten.

«Haizea alde baita»

Seaskak antolatzen duen jaialdiaren aurtengo leloa «Haizea alde baita» izango da. Izan ere, 40 urte daramatza Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten eta Estatu frantseseko Hezkuntza Nazionalarekin negoziaketak berrabiarazi dituzte orain dela gutxi. Jaialdiaren aurkezpenean azaldu zutenez, «berri onak» jasotzea espero dute, hainbat gauza `desblokeatzea' lortu baitute.

Seaskako ordezkari Paxkal Indok joan den astean aditzera eman zuenez, «berrogei urteko ibilbidea egin dugu dagoeneko, eta egindako guztia ospatu beharra dago; hala ere, euskara berreskuratzeko, aitzinean lan franko dugula ezin dugu ahantz».

Horrenbestez, urteroko hitzordua izango dute bihar milaka euskaltzalek, euskarari eta Ipar Euskal Herriko ikastolei sostengua emateko Senpereko lakuan egingo den egun osoko jaialdian.

Autobusak

Antolatzaileek hondakinen kudeaketa egokia egitea garrantzitsua dela adierazi, eta jendea Senperera autobusez hurbil dadin ere eskatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo