Kaskagorri konpartsaren 20. urteurrena ospatzeko, hamaika ekitaldi izango dira gaur Bilbon
GARA |
Gorriz margotuko dituzte gaur Bilboko kaleak Kaskagorri konpartsako kideek. Egun osoko egitaraua antolatu dute 20 urte luzeko bide oparoa ospatzeko. «Gaztehiri gorria! Kulturaz josia!» lelopean gazte mugimenduko konpartsak sortu zenetik egin duen bezala bestelako herri kultura, jai eredu, Bilbo berri eta Euskal Herri aske baten alde antolatzen eta borrokatzen ari dela irudikatuko du.
Horretarako, sei gunetan hamaika ekimen antolatu dituzte , Alde Zaharrean, Arriaga antzokiaren inguruan eta Areatzan sakabanatuta. 11.00etan emango diote hasiera egunari eta horren ondoren joaldunekin batera gune guztiak irekitzen joan- go dira.
Giroa sortu nahi dute Kaskagorriko konpartsakideek eta kale animazioa izango da egun osoan trikitilari, buruhandi, erraldoi, gaitero eta abarrekin. Batukada, Zpeiz Mukaki-rekin poteoa eta akelarrea ere egingo dituzte arratsalde-gau partean.
Errokodromoa, tirolina, giza futbolina, igela, herri-kirolak eta aerobithon izenekoa egin ahal izateko aukera ere izango da. Horrez gain, azoka eta informazio gunea jarriko dute, eta gazte mugimenduko materiala izango dute bertan salgai.
Gazteek sortzen dituzten kultur adierazpide ezberdinen isla izan nahi du gaurko egunak, eta helburu horrekin tailerrak, bideoforuma eta errezitaldiak egiteko sorkuntza txokoa bultzatu dute. Kale kulturaren gunea ere antolatu dute eta bertan arituko dira graffitiak, hip-hop, break dance, funky performance eta horrelakoak egiten.
Kontzertuak eta ekitaldia
Areatzako inguruetan kokatu dute Musika Gunea eta bertan egingo dituzte ekitaldi jendetsuenak. Eguerdian umeentzako berbena eta puzgarriak egongo dira, eta abeslariek alaituko duten bazkaria leku berean egingo da. Arratsaldeko 19.30ean ekitaldia eta kontzertuak egingo dira. Bilbomatiks, Kaskagorriren 20. urteurrena ospatzeko abestia egin duen ska taldea, Hesian nafarrak eta Amaiur arituko dira.