GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Zinemaldiaren erronka krisialdian

Finantza krisia ekonomia errealera zabaldu zen berehala. Eta, zinemagintzak ere, fikzioa langai badu ere, haren eragina nabaritu du. Zerbaitegatik esaten zaio «zinema industria». Horren erakusgarririk hurbilena aurtengo Zinemaldia dugu. Haren aurrekontuak joan den urtekoak baino 800.000 euro gutxiago ditu eta, horren ondorioz, Sail Ofizialerako xehetasunen berririk jakiteko zain, egun bat gutxiago iraun eta atzera begirako bat gutxiago izango du. Zinemaldiaren 57. edizioa irailaren 18an hasi eta 26an amaituko da, haren zuzendari Mikel Olaziregik esan zuenez. Horrez gain, Zinemaldia motore ekonomiko eta kultural garrantzitsua dela eta hala mantendu beharra dagoela ere esan zuen. Ez da zalantzarik Donostiako Zinemaldiak nazioartean prestigio ukaezina lortu duela, eta maila horri ezin diola aurrekontu eskas batek eutsi. Hala ere, zinemaldiaren apustua kalitatea izan da distiraren gainetik. Eta hala berretsi zuen atzo Olaziregik. Agerpen kultural gisa, edukia lehenetsi behar du luxuzko bilgarriaren ordez, zinemazalea gogobetetzea, hutsalkeria sustatu beharrean. Beraz, egoerak horretaratuta -eta guztiz normala da horrenbeste herritar egoera ekonomiko latza jasaten ari diren honetan-, kalitatearen aldeko apustu hori sendoa dela erakustea du erronka. Izan ere, dirutzak, berez, ez du horrelako ekitaldien maila jasoa bermatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo