GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Gezurra (baino ez) esateko eskubidea

Baltasar Garzon epailea Guantanamoko torturek kezkatuta dabil azkenaldion, Zuzenbidearen besoa luzea dela erakutsi nahian, Estatu espainolean Zuzenbidea besamotza dela erakutsi ondoren.

Kontrakoa erakutsi nahi bide du Justizia ministro espainiarrak. Izan ere, auzipetuek gezurra esateko eskubidea dutela gogorarazi zuen herenegun, errugabetasun presuntzioa aldarrikatuz. Marta del Castillo neskatila andaluziarraren hilketa leporatu dieten auzipetuez ari zen Francisco Caamaño, irakurri ez dugun teoria zientifikoren baten arabera -alegia hedabideen lintxamendu kanpainaren arabera-, horrelako arazoak bizi arteko edo heriotza zigorra ezarrita konponduko liratekeela ziurtatzen dutenei erantzunez-edo. Ministroak gogorarazi zuen badirela bete beharreko legeak, eta galdeketek ezin dutela torturara eraman.

Hamaika kasu etorri zitzaizkidan gogora adierazpenok irakurritakoan, baina esanguratsuenetakoa 2002an bederatzi egunez Guardia Zibilaren eskuetan izan ondoren, zinegotzi baten hilketa egotzita kartzelatu zituzten lau gazte nafarrena iruditu zitzaidan. Haien deklarazioa gezur hutsa zen. Hala frogatu zuen epaileak, eta gazteak, ordurako bi urteko kartzela beteta zituztenak, aske utzi zituen. Baina ez zituen zigortu gezurra esateagatik; beraz, arrazoi du ministro jaunak, gezurra esateko eskubidea bermatuta dago. Ikaragarria da, ordea, nafar haien kasuan bezala, behin eta berriz egia esateko eskubidea atxilotuek heriotza desiatzeraino urratzea.

Ostegunean Patxi Lopezek Wislawa Szymborskaren «Ezer ez da birritan» poema irakurri zuen Gernikako arbolapean. Seguru asko ez zuen aurkitu autore beraren beste poema bat, hunkigarriagoa, «Poema baten irakurketa Euskal Herrian» bideoan tortura jasandako hainbat euskal herritarrek irakurtzen dutena: «Gorputz egoskorrak azal mehea dauka, hortz eta azkazal kopuru egokiak, hautsi egiten diren hezurrak... eta torturak kontuan hartzen du hori dena». Haren berri izan balu ere, aldaketa omen dakarren lehendakariak ez ziokeen egokia iritziko.

Eta Barne ministroak, Caamaño jaunak, hark ba al du gezurra esateko eskubiderik?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo