Larrabetzu euskarazko literaturaren bilgune bihurtuko du «Literaturia»k
Badira urte batzuk Larrabetzun sortutako Literatura Eskola Euskal Herrira hedatu zena. «Literatura irakurtzen ikasteko» proposamenak bost urte bete ditu orain, eta «Literaturia» asteburua antolatu du etxean, Larrabetzun, herriko elkarte eta eragile guztien parte hartze aberatsarekin. Bertan, literatura zale direnek letrekin zerikusia duten jardunaldietan parte hartu ahal izango dute, izan idazleekin solasaldi, musika ekitaldi, antzerki emanaldi eta beste.
Anartz BILBAO | BILBO
Ekainaren lehenengo asteburuan Larrabetzura doa euskal literatura, asteburu pasa, bertan sortu Literatura Eskolaren gonbitari erantzunda.
Orain dela bost urte «irakurtzen ikasteko eskola» sortu zuten Larrabetzun, eta gerora Euskal Herri osoan hedatu. Sarea gehiago hedatu nahian baina, «bost urtetan hartutako eduki hori guztia konpartitzen hastea» erabaki dute orain, «euskal literaturaren eragileekin» batez ere zuzenenarekin, irakurlearekin berarekin, Gotzon Barandiaran idazle eta eskolako kidearen arabera. Horretarako, eta Eskolak ulertzen duen moduko «euskarazko literaturaren azokarik ez dagoenez», bilgune legez, «Literaturia» sortzea otu zaie, «bakarrik euskarazko ekoizpenaz eta bakarrik literaturaz» arduratuko dena.
Literatura Eskolaren proposamena gogo onez eta eskuzabaltasunez jaso zuten herriko elkarteek, eta lan talde polita osatu: Larrabetzuko kultura batzordea, herriko liburutegia, Arrekikili euskara elkartea, Hori Bai gaztetxea, Txinpasmendi guraso elkartea, Azoka elkartea (herriko nekazari eta ekoizleek eta erosleek sortua) eta larrabetzu.org ataria. Herritik landa ere, Txorierri eskualdeko euskara elkarteen babesa jasoko du ekitaldiak, baita Topagunearen, Euskarabila (Basauri) eta Mikelazulo (Errenteria) elkarteena ere.
Eskolatik plazara, atariz atari
«Euskarazko literatura eta irakurzaletasuna bultzatzeko eragileen arteko elkarlanean», idazle, editore eta argitaletxeen parte hartze zuzena izango du -zerrenda hazi eta hazi ari da- eta urte hasieratik ekaina bitarte plazaratutako liburuak eramango dituzte bertara.
Herriko elkarteen lanaren lagin gisa, Txinpasmendi guraso elkarteak antolatu duena. «Oso gustura hartu genuen proposamena», esan zuen ordezkari lanak egin zituen Ines Serranok. «Literatura kalera ateratzeko eskolatik ere umeen parte hartzea bultzatu dugu, eta beraien ideia eta asmoak jaso, antolatu eta plazaratuko ditugu asteburu osoan zehar». Umeek sortu eta egindako ekimenak dira: asmakizun jolas, antzezpen, errezitaldi musikatu eta beste.
Eta adibideekin jarraituz, beste ekimen arras interesgarri bat, larrabetzu.org atariak antolaturiko «Blogak & letrak». Ekimenak «Literaturia» Larrabetzutik sarera eta saretik mundura zabalduko du. Patxi Gaztelumendik «literatura ez da soilik kontsumorako gai» argitu eta «edukiari erreparatuta, literaturaren oinarri diren letrak oinarri hartuta, hizkuntzaren zentzua direnak, proposamenak aurkeztu ditugu», azaldu zuen. Liburuetatik landa, «Larrabetzutik baino, literaturaren inguruan idazten duen euskarazko blogosferatik, letrak eta blogak izango ditugu hizpide, deskonferentzien bitartez -hitzaldi labur eta parte-hartzaileak-».
Herritarrek herriarentzat egindako lanaren beste adibide eder bat da Literatura Eskolaren «Literaturia» proposamena, eta herri osoaren parte hartze eta laguntza jasoko du.
Lekua: Larrabetzun zehar banatutako guneak.
Data: Ekainaren 5etik 7ra.
Eragile nagusia: Literatura Eskola.
Bazkariak: Herriko nekazari eta ekoizleek prestatuko dituzte bertako elikagaiekin.
Egitarauari dagokionez, salmenta gunea jarriko du «Literaturia»k, Alberdania, Elkar, Erein, Igela, Maitz, Pamiela, Susa, Txalaparta eta Utriusque Vasconiae argitaletxeen partaidetzarekin. Mahai inguru eta solasaldiak ere izango dira, irakurleen eta idazleen artean harreman zuzena bultzatzeko, eta, besteak beste, Koldo Izagirre, Garbiñe Ubeda, Asier Serrano, Uxue Alberdi, Irati Jimenez, Juanra Madariaga, Beñat Sarasola, Markos Zapian, Xabier Soubelet, Auxtin Zamora, Xabier Mendiguren eta Edorta Jimenez idazleek beren liburuak aurkeztuko dituzte. Kukubiltxok «Hilario Morttimer» antzeztuko du Mirande Kabareta eta Eidabek umeei eskainitako «Ametsen museoa» ere jasoko duen Hori Bai gaztetxean. Hedoi Etxartek «Suzko lilia» errezitatuko du eta Mikelazulok «Atea hautsiak». Musikaren tartea Petti eta Joseba Irazoki nafarrek beteko dute. «Blogak & letrak» hitzaldietara Luis Fernandez, Julen Gabiria, Beñat Sarasola, Juan Luis Zabala, Gorka Bereziartua, Katixa Agirre, Josu Landa eta Egaroa liburutegi digitala hurbilduko dira. Bi Anaik beraien blogeko testuekin errezitaldia egingo dute, baita Poetube esperimentala ere, munduan zeharreko errezitaldiekin. Berezia «Bi hitz: beats + bits» asmoa ere, DJak letrak dantzan jartzen saiatzen dena. Bukatzeko, larrabetzu.org/literaturia-n asteburuaren jarraipena egingo dute. Guztiak letrekin lotutako jardunak.