GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Emakume guztiak jomugan

Beste bat. Yasmin Zamira Rodriguez, Irunen. Ustez senar ohiak hila. Bakarra izango balitz ere, ikaragarria. Ikaragarria eta jasanezina; horregatik, jendartea ezin da etsipenez beste emakume bat hil dutela aipatzera mugatu. Gainera, ez da bakarra izan, emakume guztiak baitira indarkeria sexistaren jomuga. Larunbatean Yasmin izan zen hildakoa, eta lehenago Marie Laurence, Maria Izaskun, Milagros eta Yamiled. Urteak bost hilabete izan baino lehen. Bost hildako eta beste hainbat emakume hiltzeko ahaleginak, hamaika bortxaketa, hamaika jipoi eta eraso. Eguneroko fenomenoa da. Eta hurbila, jendartean errotuta dauden balio patriarkalak baititu kausa nagusi.

Izan ere, erasoak jasotzen dituztenak euskaldun zein immigrante, gazte zein zahar, askotariko langile edo langabeak dira. Horien tipologia emakume izateak baino ez du definitzen. Erasotzaileena, berriz, gizon eta balio horien jabe izateak. Ez baita belaunaldi zaharrenetako gizonen pentsamoldeari lotutako fenomenoa, erasotzaileek adin guztietakoak dira-eta, gazteek ere balio horiek jasotzen segitzen duten seinale. Arazoaren larriak, beraz, eraldaketa sakonak eskatzen ditu, baita arazoari aurre egitea jendarte osoaren zeregina den kontzientzia hartzea, instituzioetatik hasita. Ez da nahikoa zenbait lege aurrera atera -betetzen ez direnak- eta bertan goxo egotea. Ez da onartzeko modukoa arlo guztietan, etxetik lantokiraino, emakumeen bazterkeria normaltzat jotzea eta zenbait kasutan administrazioaren baitan ere gertatzea.

Emakumeen aurkako indarkeriaren kausak ez dira ezezagunak, eta arazoak instituzioen lehentasuna izan beharko luke. Plan eta neurri eraginkorrak behar dira, horietan hezkuntzak tarte garrantzitsua duela. Jakina, horretarako bitartekoak behar dira, eta ez dago aitzakiarik beharrezko laguntzak ukatzeko, are gutxiago azkenaldian botere harremanen logika bera darabilen sistema ekonomikoa salbatzeko dirutza ikaragarriak ematen ari direnean. Emakumeen aurkako indarkeriaren arazoak ez du konponbide errazik; hala ere, batez ere, konponbideari ekiteko borondatea behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo