Sokatira
Goiherrik hasieratik erakutsi nahi du zein den faboritoa
J.L. | DONOSTIA
Goiherri taldeak ez du hutsik egin, eta iazkoa errepikatzeko prest dagoela argi eta garbi utzi nahi izan du lehen jardunalditik, 680 kiloko lehen saioan nagusi izan baita.
Atzo abiatu zen Berriatuan Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketa, eta bizkaitarrek lehen postua eskuratu zuten, saioko tiraldi guztiak irabazita. Beraiek dira faboritoak, eta estreinako saioan ere besteen gainetik agertu ziren berdeak.
Bigarren postuan ustez beraien areriorik gogorrena izan daitekeen taldea, Gaztedi, sailkatu zen. Goiherrirekin bi saioak galdu zituen Gaztedik, baina gainerako guztiak mendean hartu eta bigarren postua eskuratzeko modua egin zuen.
Hirugarren, Areso sailkatu zen. Nafarrek aurreko biekin egindako tiraldiak galdu zituzten, baina gero, Mutriku, Goiherri B eta Getxo mendean hartu zituzten.
Laugarren postuan sailkatu zen Mutriku. Etxetik gertu aritu ziren, baina Goiherri B taldeari eta Getxori bakarrik irabazi ahal izan zieten mutrikuarrek, gainerako tiraldi guztiak galdu baitzituzten.
Azkeneko postuan, berriz, berdinduta geratu ziren Goiherri B eta Getxo. Bi talde bizkaitar horiek aurretik geratu zitzaizkien talde guztien aurkako tiraldi guztiak galdu zituzten; aldiz, elkarren artekoan berdindu egin zuten, bakoitzak tiraldi bana irabazi baitzuen.
Lehen jardunaldiaren ostean, honela geratzen da sailkapen nagusia: lehen postuan Goiherri A taldea, 6 punturekin; bigarren Gaztedi, 5 punturekin; hirugarren Areso, 4 punturekin, laugarren Mutriku, 3 punturekin, eta bosgarren postuan, berriz, berdinduta geratzen dira Goiherri B eta Getxo, bakoitza 1,5 punturekin.
Pisu honetako bigarren jardunaldia datorren asteburuan, larunbatean, jokatuko da Azkoitian. Bigarren jardunaldiak gauzak gehiago argi ditzake, pisu bakoitzean hiru jardunaldiko ligaxka jokatzen baita. Goiherri izango da berriz ere faboritoa.