GARA > Idatzia > > Kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Arrospide eta Arria V.a ere final-laurdenetan sartu dira

Leaburukoarekin eta Errezilgoarekin batera, Mindegia, Azurmendi, Larretxea, Lopez, Nazabal eta Atutxa II.a ere finalerdien atarikoa jokatzeko sailkatuta daude. Faboritoetatik ez du bakar batek ere hutsik egin.
p037_f01_94873.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Anjel Arrospide eta Arria V.a izan dira final-laurdenetan sartu diren azkeneko aizkolariak, eta horrekin hirugarren fasea ere erabakita geratu da. Inolako ezusterik ez da izan, aurretik iragar zitezkeen aizkolariak izango baitira finalerdien atarikoak jokatzen. Laugarren multzoan zegoen emozioa, ez baitzegoen ezer erabakita, eta herenegun eta atzo jokatu beharreko saioekin erabaki behar baitzen dena. Saio bakarra zegoen jokatuta, eta bera Arrospidek irabazi zuen Rekondoren aurka.

Herenegun iluntzean neurtu zen Leaburukoa Arriaren aurka, eta ez zuen hutsik egin. Saio guztietan lan berdina egin behar izan dute. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu. Ondoren, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra zein azkarragoa izan. Hirugarrenik, 60 ontzakoa zeinek azkarrago erdibitu. Laugarren, kana-erdikoa zutik moztu. Azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki.

Ataungo saioan, Arrospidek hasieratik utzi nahi izan zituen gauzak garbi. Kolpekako saioan, baten aldea kendu zion errezildarrari. Berak 29tan moztu zuen enborra eta kolpe baten aldea kendu zion. Ondoren, abiadura proban, gazteak aurre hartu zion, 33 segundotan bota baitzuen 45 ontzakoa, eta lau segundoren tartea kendu baitzion Arrospideri. 60 ontzakoarekin, ordea, Leaburukoak gauzak bere onera ekarri zituen, berak irabazi baitzuen. 1.53 izan zen bere denbora eta 2.06 errezildarrarena. Zutikakoan, beteranoak saioa erabakita utzi zuen. Kanaerdikoa 1.47an ebaki zuen, eta 2.05ean Arriak. Iraupen probako lanak, 10 minutu eta 33 segundotan amaitu zituen Arrospidek, eta 12 minutu eta 13 segundotan Arriak. Denetara, 15 minutu eta 19 segundo behar izan zituen Arrospidek eta 17 minutu eta 27 segundo Arriak.

Horrekin Leaburukoa sailkatuta zegoen, eta multzoko lehen postua ere segurtatua zuen. Atzo Koartangon Arria eta Rekondo neurtu ziren, garaileak multzoko bigarren postua eta final-laurdenetan sartzeko txartela lortuko zuela jakinik. Errezildarra zen faboritoa, eta ez zuen hutsik egin. Kolpekakoan, berdinduta geratu ziren, 33tan bota baitzuten 45 ontzakoa. Abiadura proban gipuzkoarrak segundo bateko tartea lortu zuen, enborra 38 segundotan bota baitzuen, eta baten aldea kendu baitzion nafarrari. 6o ontzakoarekin, ordea, leitzarrak alde handia kendu zion Arriari. 2.08 izan zen bere denbora eta 2.30 gipuzkoarrarena. Alde hori zutikakoan gehitu egin zuen Rekondok, kana-erdikoa 2 minutu eta 41 segundotan bota baitzuen, eta 3.03an Arriak. Beraz, leitzarra aldearekin sartu zen iraupen proban, baina hor gipuzkoarrak bi minutu pasa kendu zizkion. Arriak 10 minutu eta 52 segundotan bota zituen lau enborrak eta bi minutu eta zazpi segundo kendu zizkion Rekondori. Denetara, 17 minutu eta 36 segundo behar izan zituen Arriak, eta 12 minutu eta 59 segundo Rekondok. Horrenbestez, Arria ere final-laurdenetara sailkatu zen.

Herenegun eguerdian hirugarren multzoko saioa ere jokatu zen Berriatuan Nazabalen eta Atutxaren artean. Biak zeuden sailkatuta, baina lehen postua zegoen jokoan. Nazabalek irabazi zuen. 14.27 izan zen amaierako bere denbora, eta 15.15 Atutxak lortutakoa. Final-laurdenak datorren asteburuan jokatuko dira. Larunbatean Zeanurin, Arrospide Atutxarekin neurtuko da, eta Mindegia Lopezekin. Igandean, berriz, Nazabal Azurmendiren aurka ariko da, eta Larretxea Arriaren aurka.

19 urtez azpikoetan, Erasunek finala jokatzeko txartela lortu du, eta Ohian Larretxeak eta Saralegik, berriz, finalerdia jokatu beharko dute. 23 urtez azpikoetan, Kañamares III.ak Mugertza III.a mendean hartu eta hurrengo fasean sartu da.

Hurrengoa

Final-laurdenetan, Arrospide Atutxaren aurka neurtuko da, Mindegia Lopezen aurka, Nazabal Azurmendiren aurka eta LarretxeaArria V.aren aurka.

Gazteak

19 urtez azpikoetan, Ander Erasunek finala jokatzeko txartela lortu du jadanik. Finalerdietan, berriz, Ohian Larretxea, Donatoren semea, Saralegiren aurka neurtuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo