RTVEn iragarkiak kentzeko onartu den legeak ika-mika sortu du
Irailetik aurrera ez da iragarkirik egongo RTVEn; hala adierazi zuen behintzat Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernu espainoleko presidenteordeak. Kontsumitzaile elkarteek, partidu politikoek edota hedabideek, denek agertu dute aldeko edo aurkako iritziren bat.
GARA | MADRID
Maria Teresa Fernandez de la Vega, Gobernu espainoleko presidenteordeak adierazi zuenez RTVEn iragarkiek ez dute tokirik izango irailetik aurrera. Ministro Kontseiluan hartutako neurriak, modu honetan, Estatuari, telebista komertzialei eta telekomunikazio sektoreari RTVE finantzatzea eskatzen die, publizitatean izango dituen galerak orekatzeko. «Ikus-entzunezkoaren erabilerari etekina» ateratzen dion negozio pribatuak kate publikoa diruz laguntzea «arrazoizkoa» dela aipatu zuen gainera.
De la Vegak nabarmendu zuenez, erabakiak «gehiengoaren eta herritarren zerbitzura egongo den» irrati eta telebista kate publikoa lortzea ahalbidetuko du, «Gobernuaren kontrolik izango ez duena eta, gainera, garbia». Gaineratu zuenez, legeak RTVEn izaera publikoa indartuko du.
Gaiak polemika sortu du eta Gobernu espainolak hartutako neurria begi onez ikusi ez duenik ere bada; RTVE finantzatu behar duten erakundeak, kasu.
Erabakiaren berri jakin eta berehala, telekomunikazioko sektoreko erakundeek neurria «bidegabekoa» dela adierazi zuten. Redtelek, Telefonica, Vodafone, Orange eta ONO batzen dituen elkarteak, esaterako, legea «proportziorik gabekoa, ilegala eta mingarria» dela aipatu zuen. Izan ere, erakunde horiek lortutako irabazien %0.9 RTVEra bideratzea nahi du Gobernu espainolak eta, sektoreko kideek adierazi dutenez, gaur egungo krisi egoeran inbertsio planak kolokan jartzen ditu horrek eta erabiltzaileek gastuak ordaindu behar izatea ere ekar lezake.
Komunikazioaren Erabiltzaileen Elkartea (AUC) finantzabide berriaz ere mintzatu da eta, besteak beste, kate pribatuek RTVE diruz lagunduko dutela zalantzan jarri du, bere hitzetan ez dutelako inoiz «telebista publiko baten aldeko» jarrera erakutsi. Gainera, orain arte kate pribatuek iritzirik eman ez badute, «publizitatearen banaketak eragingo dien etekinengatik da». Halere, lortutako irabaziak sendotzen dituztenean, laguntzeari utziko diotela uste du AUCk.
Kontsumitzaileen elkarteek ere euren kezka agertu dute, nahiz eta neurria begi onez ikusten duten. FACUAk esaterako, RTVEtik iragarkiak kentzeak ekar ditzaken «ondorio positiboak» kalitatearekin bat joan behar dutela adierazi eta erabakiak katea pribatizaziora eraman ez dezala eskatu du. Edukietan neurriak izango dituen ondorioei buruz, FACUAk kontrolerako komisio bat eratzeko eskaria ere egin du.